Ostegun goizeko 12:00etarako dago aurreikusia Judimendi auzoko etxebizitza okupatuaren desalojoa. Bizilagunek eta auzoko eragileek kontzentrazioa deitu dute atariaren aurrean, eta Poliziak ingurunea itxi du goizaldean.
2017tik okupatuta dago Gasteizko Judimendi auzoko Juani etxebizitza, Juan II.aren kaleko 1 zenbakian. Etxebizitza okupatuaren hustutzea osteguneko 12:00etarako aurreikusita bazegoen ere, goizaldeko 1:00ak aldera Ertzaintzak Juan II. kalea itxi du, eta itxita jarraitzen du operatibo zabal baten bidez. Juaniko bizilagunek eta auzoko zein hiriko hainbat eragilek eraikinaren parean mobilizatzera deitu dute goizeko 11:00etatik aurrera.
Egun osoz iraun du operatiboak
Berrehun lagun inguru gerturatu dira Juan II. kalera, “etxegabetzeak gelditu!” eta “hemen gaude, La Juaniren alde!” oihuen artean, okupatutako espazioari elkartasuna adierazteko helburuarekin. 12:30etan iritsi da segizio judiziala, Udaltzaingoarekin batera. Hainbat saiakera eta gero, langile batzuk sartu dira blokeko bigarren solairuko atea estaltzeko. 13:30ak aldera itxita jarraitzen zuten Juan II. eta Herrandarren kaleko zatiak ireki dituzte, eta auzoak normaltasuna berreskuratu du, itxuraz.
Baina 'normaltasunak' ez du luze iraun, 15:00ak aldera Ertzaintza berragertu baita Juani etxebizitzaren atarian. Handik gutxira, bigarren solairuko jabeak eskatuta, langile bat agertu da alarma bat jartzera. Esku hartzearekin batera, Ertzaintzak dispositibo zabala ezarri du berriro, zortzi furgonetaz osatutakoa, eta Herrandarren kalea berriz ere itxi du. Jendetza bildu da bertan, blokeko auzokideekin batera, Juani espazioari elkartasuna adierazteko eta ez direla bakarrik egongo aldarrikatzeko.
Beste bi desalojo 2022az geroztik
Ostegun honetakoa ez da Juanik pairatutako lehenengo etxegabetze mehatxua. Atariak hiru solairu ditu, eta solairu bakoitzeko etxebizitzak legezko jabe ezberdina izan du urteetan zehar. Egoera horrek bizilagunak hainbat prozesu judizial zabalik izatera eraman ditu.
2022ko martxoan lehenengo solairua etxegabetu zuten, Fincas Armentia higiezinen enpresak aurkeztutako salaketaren ondorioz. Ondoren, aurtengo ekainean, Fincas Armentia enpresak berak bloke bereko Begoña Ogueta perfumeria erosi eta alokairu garestitu zuen, 40 urtez lan egindako emakumea lokala uztera behartuta.
2022ko elkartasun deialdian “Gora Juani eta gora okupazioa!" oihuek esnatu zuten Judimendiko auzoa Sumendiko Asanbladaren eskutik, eta ostegun honetan mobilizazioa errepikatzera deitu dute.