argia.eus
INPRIMATU
Juanito Dorronsoro: "Zortzi finalistak bertso eskolan aritutakoak dira"
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 13a
Joanito Dorronsorok jarriko dio txapela Bertso Txapelketako irabazleari.

Dorronsororen hitzetan, “bertsolaritza sustatzeko egin genuen lanak fruitu ikusgarriak eman ditu eta egitura osoa sortu da bertsolaritzaren inguruan. Bertso Eskolak, Bertsozale Elkartea, Eskola arteko Bertsolari Txapelketa... Gaur egun euskaraz bizitzeko horrenbeste oztopo izanda, harrigarria iruditzen zait bertsolaritzan izan den iraultza, eta lortu den maila bikaina”.

Bere aburuz, bertso eskolek eragin handia izan dute bertsolaritza berria sortzerakoan. Argi ikusten du bertsolaritza asko aldatu dela garai batetik hona. “Aldaketa handia izan da, baina kontuan hartu behar da bertsolaritza etengabe aldatzen joan dela, eta etorkizunean ere horrela izatea espero dugu”, azaldu du.

“Gaur egungo bertsolariak ikasiak dira, eta bertsolaritzaren baitan askotariko esparruak asko landu dituzte. Lehengo bertsolariek tradiziotik zetozen doinuak erabiltzen zituzten, eta gaur egungoek, berriz, doinutegi zabala dute aukeran, eta berriak ere sortzen dituzte. Teknikan ere aldaketa bera gertatu da, eta euren hausnarketari esker eraldatu da bertsolaritza. Nik uste literaturaren eragina gero eta handiagoa dela bertsolaritzan”, gaineratu du.

Harro dago garai batean bertso eskolak sortzeko egindako lanaz. “Bertsolari Txapelketako oholtza gainera igoko diren zortzi bertsolariak bertso eskolan landutako aro berriko bertsolariak dira”, ohartarazi du. Oso eskertuta dago Bertsozale Elkartearekin garaileari txapela janzteko aukera eman izanagatik.