GEBehatokiak adierazi du ez dela “morala” Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan Meliton Manzanas oraindik egotea eta Josu Zabala kanpoan uztea. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio Enrique Pascual Guardia Zibila Zabalaren hiltzaile gisa aitortzea, erreparazio pertsonaleko deklarazioa egitea eta azterketa judiziala egiteko izapideak hastea, “borondatezko jurisdikzioan” oinarrituta.
Irailaren 8an 50 urte beteko dira guardia zibil batek Josu Zabala Erasun, Irungo bizilaguna, Hondarribiko Alarde egunean hil zuenetik. Amnistiaren aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zela, bi tiroz hil zuten San Pedro kalean. Hiltzailea, Enrique Pascual, urtebete geroago amnistiatu zuen Burgosko Kapitaintza Nagusiak, dekretu bidez, eta ez zuen inoiz kartzela zapaldu.
Egun hartan, Gipuzkoako Guardia Zibilaren arduradun Antonio Tejero Molina teniente koronelak zin egin zion Hondarribiko alkate Mercedes Iridoiri Guardia Zibila ez zela herrira sartuko, istiluak ekiditeko. Tejerok bere hitza jan, eta indarrez oldartu zen polizia manifestarien kontra. Zabalak bi tiro jaso zituen bularrean, eta beste bi pertsona ere balaz zauritu zituzten. Gorpuaren autopsia militarrek egin zuten, Donostian, eta heriotzaren arrazoia “bizkarrezurraren haustura” eta “hemiperitoneo handia” izan zela ondorioztatu zuten, bala zauriak aipatu gabe.
Zabala Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktima da, Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuaren arabera. Horren bidez, bere giza eskubideak urratzearen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan dituela aitortzen da. Lege hori erreferentzia izanda garatu zuten, hamarkada bat beranduago, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Estatuko Legea, helburu berarekin.
Marko horren barruan, GEBehatokitik –Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia–, Zabala Erasun familiaren onespenarekin eta CCOO sindikatuaren laguntzarekin bi ekimen abiatuko dituztela iragarri dute. Lehena, Espainiako Gobernuari eskatu diote adierazi dezala Enrique Pascualen epaiketa eta ondorengo amnistia legez kanpokoak izan zirela, eta aitorpen eta erreparazio pertsonaleko deklarazioak egin ditzala. Bestalde, azterketa judiziala egiteko izapideak hastea eskatu dute, “borondatezko jurisdikzioan” oinarrituta. Prozesu horrek ez dakar delitugileen jazarpen penala, egitateen ziurtagiri judiziala baizik.
Meliton Manzanasi kondekorazioak kentzeko eskatu dute
Hondarribiko eta Irungo udaletara jo du GEBehatokiak, Espainiako Gobernuari zuzendu dioten eskariari babesa emateko eskatuz. Josu Zabala Erasuni konponbidea emateko eta haren duintasuna berreskuratzeko ekimen instituzional bana garatzea ere iradoki diote udalei. Izan ere, Irungo Iparralde etorbidean dagoen Terrorismoaren Biktimen Monumentuak, egun, oraindik ere Josu Zabala Erasun kanpoan uzten du, eta giza eskubideen urraketa ugariengatik ezaguna den Meliton Manzanas barne hartzen du.
Meliton Manzanas torturatzaile, hiltzaile eta Gestaporen kolaboratzaile ezagunak, beste askoren artean, Esteban Zabala, Josuren aita, zuzenean torturatu zuen behin baino gehiagotan. Hori dela eta, GEBehatokiak adierazi du “onartezina” dela egoerak “konpondu gabe jarraitzea”, monolito hori inauguratu eta hamar urtera. “Josu Zabala Erasunen familiarentzako diskriminazio larria da”, gaineratu dute.
Amaitzeko, eskatu diote Irungo udalari memoria-gune horretan familiak jasaten duen diskriminazioak irtenbide duin bat iztea familiarekin adostuta; eta, bigarrenik, Espainiako Gobernuari eskaera bat egin diezaiola Meliton Manzanasi ken diezazkioten oraindik dituen kondekorazioak eta sariak.