Josu Zabala Erasuni "arrazoi politiko eta ideologikoengatik" jazarri zitzaizkiola adierazi du Espainiako Gobernuak, "bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko" eskubidea aitortuz. Duela 50 urte, 1976ko irailaren 8an, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko Hondarribiko mobilizazioan tiroz hil zuen Guardia Zibilak.
Memoria Demokratikorako Legea aplikaturik, "aitorpen eta erreparazio pertsonalerako" adierazpena bideratu eta Josu Zabala Erasun "arrazoi politiko eta ideologikoengatik" jazarria izan zela aitortu du Espainiako Gobernuak. Bide beretik, "bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko" eskubidea ere aitortu zaio. 1976ko irailaren 8an hil zuen guardia zibil batek tiroz, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko mobilizazioan.
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak martxoan jakinarazi zuen Zabalari aitortza egiteko hainbat eskaera bideratu zituela. Familiarekin hala adostuta, eta CCOO sindikatuarekin batera –Lesakako Laminaciones fabrikako langilea eta CCOOko afiliatua zen Zabala–, Madrili eskatu zioten Memoria Demokratikorako Legea aplikatzeko. Hondarribiko Abotsanitz, EAJ eta EH Bilduren babesarekin eman zuten urratsa. Orain, eskaera horri baikorki erantzun zaio Madrildik.
Gainera, Behatokiak jakinarazi du Borondatezko Jurisdikzioaren prozedura judiziala onartu egin duela Irungo Instantzia Auzitegiak. Urrats horrekin "egia judiziala" aitortzen zaio: "Prozesu honek jada ez dakar Enrique Pascual guardia zibilaren akusazio penala, heriotzaren egile gisa epaitua, baizik eta gertakarien ziurtagiri judiziala".
Hala eta guztiz ere, oztopoak ere kausitzen dituztela jakitera eman du Behatokiak, hala nola, estatuaren biktimei dagokionez, "artxiboak zeharo itxita" daudela. Auziaren inguruko informazioa eskuratzeko bidea ez zaie erraza, eta "zentsura" ere topatu izan dute. Zehazki, Zabalaren hilketaren lekuko baten datuak zentsuratuta ageri direla: atxiloaldian jasan zituen torturak kontatzen ditu eta lekukotasun hori "biziki argigarria" litzatekeela dio Behatokiak. Egoera argitu nahian, Espainiako Memoria Demokratikorako ministro Angel Victor Torresi eskatu zaio irtenbide bat atzematea.
Espainiako Gobernuaren ebazpena kontuan hartzea eta hilketaren 50. urteurrenean aitortza eta erreparazio ekitaldi bana antolatzeko eskatu diete Irungo eta Hondarribiko Udalei. Hain zuzen, Irunen sortu zen Zabala, eta Hondarribian hil zuten.