Zabalaren gorpua 1997ko martxoaren 27an agertu zen hilik Debako Punta Mendatan, tiro batekin bularrean. Bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste egin zuen aurreko egunean. ETAren eta familiaren arabera, Espainiako segurtasun indarrek baitu zuten eta hil. Orain datu berri bat agertu da.
Josu Zabala Basajaun Egia Ilunpetik Argira herri ekimenak kasuari buruzko datu berri bat aurkeztu zuen ostegun honetan Bilbon, udaletxetik gertu dagoen La Tortilla tabernaren aurrean. Pako Aristi idazleak jakinarazi zuenez, Josu Zabala Bilbon zegoen hil baino lau egun lehenago, martxoren 23an, Iñaki Bilbao Gaubekarekin batera, biak ETAko militanteak ziren eta Ipar Euskal Herritik zetorren norbaitekin biltzekoak ziren taberna horren aurrean 12:00etan.
1997ko martxoaren 29an ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek adierazi zuen Zabala La Tortilla tabernarantz abiatu zela, eta bidean desagertu zela. Aristiren esanetan, beraz, Zabala tabernara abiatu zen eta Iñaki Bilbao inguruak zaintzen gelditu zen. Zabala, baina, ez zen kontaktuarengana iritsi. Zain egon ondoren, kontaktuak alde egin zuen eta Bilbaok ere bai, Zabala ez baitzen agertzen hitzordua jarritako lekura. Horregatik uste izan da Bilbaorekin banatu zenetik eta La Tortillara bidean baitu zutela Espainiako Segurtasun indarrek.
14:00ak aldera Areatzan zegoen
Datu berriaren arabera, ostera, lekuko batek Zabala ikusi zuen hitzordutik bi ordura Bilboko Areatza inguruan, “oinez urduri, bizi-bizi” . Kontua da egun horretan Bilbon Korrikaren amaierako jaialdia ospatzen zela, eta beraz, Areatza inguruak jendez mukuru zirela. Ez da arraroa norbaitek Zabala ezagutzea, bai bere ezaugarri fisikoengatik –1,95 neurtzen zuen eta argala zen–, bai Iruñean AEK-ko irakasle aritu zelako hainbat urtez, eta Iruñean eta Sakanan oso ezaguna zelako. Alegia, bera ezagutu zezakeen jende asko egon zitekeen egun horretan Bilboko erdigunean.
Beraz, lekukotza berri hori dela eta, lehen hipotesia –La Tortilla tabernara bidean zihoala bahitu zutela– auzitan jarri zuten ostegun honetan Egia Ilunpetik Argira ekimenekoek. 14:00ak aldera Areatzaren inguruetan bazegoen, zer geratu zen ondoren? Hori jakin asmoz abiarazi dute ostera ere ikerketa eta egun hartan edo ondorengoetan Zabala ikusi zuen edonoren testigantzak bildu gura dituzte.
Zabalak eta Bilbaok etxebizitza bat partekatzen zuten, baina horrez gain, bakoitzak bazuen beste etxebizitza bat, segurtasun neurriengatik batak bestearena ezagutzen ez zuena. Azkenekoz Areatzan ikusi eta lau egunera hilik agertu zen Debako mendi inguruetan. Zer gertatu zen tartean?
Autopsia eta bertsioak
Zabalari egindako autopsiaren arabera, martxoaren 26ko gauerdian hil zen, eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak suizidioaren bertsioa azpimarratu zuen. ETAk eta familiak, ordea, bertsioa ukatu eta Espainiako segurtasun indarrek hil zutela adierazi zuten. Hainbat datu aipatu ziren horretarako, hala nola, gorpuaren ondoan agertutako pistolak ez zuela hatz-aztarnarik, pistola herdoilduta zegoela eta Zabalarena berria zela, bala ez agertzea, eta besteak beste, odol arrastorik edo ehun arrastorik ez izatea inguruetan.
Egia Ilunpetik Argira ekimenaren izenean honako pertsonek egin zuten agerraldia Bilbon: Amaia Erdozia ekimeneko koordinatzailea, Pako Aristi idazle eta ikerlea, Amaia Zabala Basajaunen arreba, eta Ander Lizarralde, Gure Bazterrak elkarteko kidea. Norbaitek egun horietan zerbait ikusi bazuen, daturik txikiena bada ere, telefono eta helbide elektroniko hauen bidez jakinarazteko eskatu dute: basajaun1997@gmail.com eta 655836183
Aristi idazle eta kazetaria da eta literaturaren esparruan egindako lan ugariez gain, azken urteetan euskal gatazkaren bueltan hildako hainbat pertsonaren bi ikerketa liburu argitaratu ditu: bata Irunberri, 1990: Arroilaren negarra (Erein, 2023) eta bestea Iñaki bota daue. Kanpanzar, 1975. Gerra zikinaren hastapena. Lehenean Irunberriko (Nafarroa) arroilan Susana Arregi eta Jon Lizarralde etakideen heriotza ikertzen da; eta bigarrenean, Iñaki Etxabe arrasatearraren hilketa, indar parapolizialek gerra zikinaren testuinguruan 1975ean Arrasaten egindakoa (Txalaparta, 2025).