Josu Urrutikoetxearekin elkarrizketa hurrengo Larrun monografikoan

  • Fernando Alonsok idatzi duen Josu Urrutikoetxea, belaunaldien arteko kate-begia liburua (Gara, 2025) besapean hartuta jo dugu Ziburura (Lapurdi). Frankismo betean 17 urterekin ETAn sartu eta 68 urterekin, Marixol Iparragirrerekin batera, erakunde horren azken agiria irakurri zuen pertsonarekin bildu gara bertan. Bere bizitzari errepasoa eginez, Euskal Herrian azken hamarkadetan eragin ukaezina izan duen erakunde armatuaren historian murgilduta igaro dugu ordu eta erdi Marienia tabernan, GALek 1985ean bi pertsona hil zituen lekutik metro gutxira. 

Josu Urrutikoetxea. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2026ko apirilaren 17an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Askatu zintuzten, izan zinen Eusko Legebiltzarreko parlamentaria eta baliatu zenituen hiru urteak Ezker Abertzaleko Batasuna prozesuan herriz herri jendearekin biltzeko eta tenperatura hartzeko egoerari. Eta halako batean, atxilotze arriskua gainean, berriro klandestinitatera jo zenuen. Jada ez zenituen 20 urte, 52 urte baizik eta Espainiako Estatuan garaikur bat bilakatzen hasia zinen. Nola bizi izan zenuen garai hori? 

Gogorra. Ez dituzu 20 urte eta pisua da. Hori hala da, baina ez nuen beste irtenbiderik. Beste aukera zen Ameriketara joatea, baina ez nuen nahi, zertara joan hara? Nahiago nuen egiten nekiena egiten jarraitu, nazioarteko adarrean lan eginez. Horrela aurkeztu nuen nire burua berriro ere Erakundean eta onartu zuten. Harreman eta negoziaketa sailean murgildu nintzen buru-belarri, harremanak mantentzen. Euskal Herriko agente ugarirekin, politikoak, sozialak... tenperatura hartzeko, girotzeko, eta ikusteko non
dik nora joan nahi zuen Erakundeak. Garai hartakoa da fronte ezberdinak ixteko hartutako erabakia: Kataluniakoa eta beste. Garai hartako zuzendaritza bidea prestatzen ari zen espainiarrei esateko “gu horrela ari gara eta uste dugu negoziaketa politiko baten bidez gainditu behar dugula hau”. Negoziaketa politikoak dakarren guztiarekin egin behar zen hori. Horregatik sartu nintzen eta horretan aritu nintzen urte horietan.

Liburuan kontatzen duzu Mikel Antza eta Marixol Iparragirre atxilotu zituztela 2004an eta beraiek ere bazirela Zapaterorekin negoziaketa prozesuaren proiektua oso argi zutenak...

...bidea argi ikusten zuten. Erakundeko zuzendaritzak nik pentsatzen nuena pentsatzen zuen...

 ...haien atxiloketak asko katramilatu zuen prozesua?

Prozesua jadanik martxan zegoen. Nahiz eta beraiek atxilotu guk lotuak genituen Espainiako Estatuarekin harreman zubiak, izan eskutitz trukeekin eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen bitartekaritzarekin. Beraz, alde horretatik martxan zen prozesua. Kontua da, lehen esan dizudan bezala, etorri zen zuzendaritza berriak ez zituela gauzak ikusten guk ikusten genituen moduan. Alegia, kide batzuk atxilotu zituzten, beste kide batzuk sartu ziren eta ez zeuden parametro beretan. Baina ordurako 
makina martxan zegoen, hitzorduak jarrita. Hori ezin zen gelditu.

Eta zer gertatu zen?

Zuzendaritza berriko kideek uste zuten ezer gutxi atera zitekeela hortik, beren parametroa beste mundu batean baitzegoen. Batek esan zuen bezala, “hauek gure borrokarekin belaunikatuko ditugu”. Ostias en vinagre! Hori da beraiek ikusten zuten modua. Eta horrek ginderamatzan paretaren kontra. Makina martxan zegoen, ordea, eta Erakundeak, zuzendaritza berriak, erabaki zuen ni joatea beste kide batekin Suitzara, Jon Iurrebasorekin. Joan ginen, harremanak abiatu genituen, espainiarrek dagoeneko Jesús [Egiguren] jarria zuten hor eta makina martxan zen. Kontua da, negoziatzen aritu ostean, handik bi hilabetera, Frantziako Estatura itzuli nintzenean Erakundeko zuzendaritzari erakustera zer lortu genuen, ez zutela sinisten lehenengo fasean lortu genuena.

Elkarrizketa osoa datorren astean argitaratuko den Larrun hilabetekarian irakurgai.


Irakurri gehiago: Politika ETA Euskal gatazka
Politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.