Zubietako espetxeko tratamendu batzordeak hirugarren gradua emateko erabakiaren aurka, fiskalak helegite berria aurkeztu du, eta, ondorioz, presoari berriro geldiarazi diote gradu progresioa. Sare Herritarrak “justizia humanistarekin zerikusirik ez duten jarrerak” salatu ditu, baita erabakiak zigorra betetzen den lekutik “kilometro askotara” hartzea ere.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak hirugarren gradua onartu zion Olarrari, Zubietako espetxeko tratamendu batzordearen erabakiarekin bat eginez. Asteazkenean, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu duela jakinarazi zuen, eta, ondorioz, hirugarren gradua behin-behinean geldiarazi dute. Donostiarraren gradu progresioaren aurka egiten duen bigarren aldia da.
Sarek salatu du fiskaltzak ez diela “jaramonik egiten espetxe barruan egunez egun lan egiten duten profesionalei”, eta profesional horiek presoaren bilakaera “Madrilgo Fiskaltzak baino askoz hobeto” ezagutzen dutela azpimarratu du.
Fiskaltzaren arabera, “azkarregi” da hirugarren gradua onartzeko, presoak zigor osoa betetzeko, hemendik 2032ra, “oraindik denbora asko geratzen” baita. Horren aurrean, Sarek gogorarazi du legeak zigorraren erdia betetzen denetik aurrera ematen duela hirugarren gradua lortzeko aukera eta Olarrak 2017an bete zuela baldintza hori. Are gehiago, baldintzapeko askatasuna eskatzeko beharrezkoa den zigorraren hiru laurdenak ere “aspaldi gainditu zituela” salatu du.
Fiskaltzak erabilitako beste argudioetako bat izan da presoak “erantzukizun zibiletik gutxi ordaindu duela”. Sarek ordea, azaldu du “egiten duen lanagatik jasotzen hasi den diru-sarreren arabera ordaintzen” ari dela, eta erantzukizun horri aurre egiteko borondatea erakutsi duela.
Salaketarekin bukatzeko, Sarek adierazi du “justiziarekin zerikusirik ez” duen eta “mendekutik oso gertu” dagoen erabakia dela fiskaltzarena, “behin baino gehiagotan bezala”. Nabarmendu du jarrera horiek ez datozela bat “gure herrian sufrimendu aro bat behin betiko ixteko beharrarekin”.