Eusko Legebiltzarrean, martxoaren 12ko osoko bilkuran euskara ikastea doakoa izateaz aritu dira hizketan eta Sumar alderdiko eledun Jon Hernándezek bere hitzartzean aipamena egin dio Euskara Denontzat elkarteari, elkartearen izena esan gabe: “Elkarteak doakotasunaren eta hizkuntza politika inklusiboen bidez euskarak aurrera egin dezan neurriak proposatzen ditu”. Josu Aztiria EH Bilduko ordezkariari leporatu dio haiek “euskararen aurkako militante” direla esatea, eta ukatu du hala direnik.
EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena egina zuen euskara ikastea doakotasun errealetik harago errazteko bideei buruz. Jon Hernández Sumarreko ordezkariak Aztiriari erantzun dio egindako proposamenekin ados daudela, alegia, “doakotasunarekin eta langile klaseak euskara ikasteko denbora izateko neurriak hartzearekin”. Gehitu du proposamen horiek “aspaldi" egin zituztela. "Orain, batzuek, euskararen aurkako militante deitzen diete, eta gure ustez ez dira euskararen aurkako militante”, gehitu du.
Euskara Denontzat elkarteari erreferentzia egin dio, elkartea bera aipatu gabe: “Elkarte horrek doakotasunaren eta hizkuntza politika inklusiboen bidez euskarak aurrera egin dezan neurriak proposatzen ditu. Legebiltzar honetan ere egon dira beren proposamena azaltzen”.
Aztiriari honela esan dio: “Zuek ez zaudete ados eurekin, baina kontuz euskararen etsaiak direla esatearekin”.