argia.eus
INPRIMATU
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak
  • Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 05a

Hezkuntza-komunitateari (irakasle, begirale, guraso eta 12 urtetik gorako ikasleei), gizarte-eragileei eta osasun-arloko langileei zuzendurik dago, besteren artean, gida hau (PDF).

Arriskua nola murriztu?

Arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko gida zazpi multzotan banatuta dago. Joko-motak eta bakoitzaren ahalmen adiktiboa zein arrisku faktoreak jaso ditu, baita alarma-seinaleak edota joko patologikoaren ondorioak ere, besteak beste.

Arriskua murriztu eta kolektibo zaurgarri horren babesa areagotzeko, hainbat neurri porposatzen da: familiako pertsona helduen jokoarekiko portaera egokitzea aurrean adingabeak daudenean, adin goiztiarretan jokoarekin kontaktua izatea saihestea, adingabeen jarduera digitala gainbegiratzea, jokoarekin zerikusia duten gizarteko presio-egoerei aurre egiteko trebeziak garatzea, jokoarekin bateraezinak diren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatzea, jokoa edo apustuak (zozketak, loteriak, karta-txapelketak…) normalizatu edo bultzatu ditzaketen ekitaldiak edo jarduerak ez sustatzea...

Bestalde, ludopatia detektatzeko eta ebaluatzeko proba batzuk gomendatzen dira, eta joko patologikoan jausi diren edo jausteko arriskuan dauden pertsonei aholkua eta tratamendua emateko lekuen zerrenda bat ere aurki daiteke.

Jokoan, adingabe zirenetik

Jokoaren Euskal Behatokiak aurten egin duen Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021 txostenaren arabera, gazteen % 24,9k aitortzen dute ausazko jokoetan aritu direla eta apustuak egin dituztela azken urtean, eta, jokatzeko eta apustuak egiteko legezko adina 18 urte bada ere, gehienek (% 31,8) aitortzen dute jokoan adingabe zirenean hasi zirela. Jokoarekin lehenengo kontaktu hori beste norbaitekin hasten dute, kasurik gehienetan familiako norbaitekin. Gainera, gazte gehienek (% 78,6k) aitortzen dute familiartekoak ikusi izan dituztela ausazko jokoetan haurrak zirenean, baita etxean ere.

Ohikoena da aurrez aurre jokatzea (% 69,1), baina online jokoa gora egiten ari da (% 10,1). % 20,8k bi joko-modalitateak konbinatzen ditu. Gazteek gehien aukeratzen dituzten aurrez aurreko jokoak dira loteria (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoko jokoak (% 16,9) eta B motako makinak (% 12,1). Gehien aukeratzen dituzten online jokoak dira kirol-apustuak (% 57,9), Primitiva (% 9,9) eta online kasinoa (% 8,9).