Iraila. Ikasturte berria hasten da eta honekin batera programazio didaktikoa prestatzeko lana. Baina nire lanbidearen parte bihurtu den beldur bat ere itzultzen da. Irakatsi behar dudanaz pentsatu aurretik, ebaluatzeko moduari buruz sor daitezkeen zalantzak nola saihestu pentsatzen hasten naiz. Programazioa berrikusten dut zirrikiturik ba ote duen bilatzeko: irizpideak behar bezala formulatuta daudela eta kalifikazio bakoitza justifika daitekeela. Izan ere, programazioa irakaskuntza antolatzeko tresna izateari utzi eta, neurri batean, babes-mekanismo bihurtu da. Erdigunean egon beharko lukeen galdera –zer nahi dugu gure ikasleek ikastea?– une batez, behintzat, beste galdera askoz defentsiboago batek ordezkatzen du: nola justifikatu dezaket nire irizpide profesionala?
Nire kezka ez dago erreklamazioen zilegitasunean. Ikasle eta familia orok dute ebaluazio irizpideak ezagutzeko eta, bidegabekeria bat gertatu dela uste badute, erabaki bat zalantzan jartzeko eskubidea. Arazoa zalantzan jartzeko aukerak berak hezkuntza-harremana aldatzen duenean hasten da. Auzia ez da soilik ebaluazioa bidezkoa izatea, baizik eta nork dituen ebaluazioaren eta autoritatearen zilegitasuna zalantzan jartzeko gaitasuna eta kapitala.
Hannah Arendtek hezkuntza erlazio asimetrikoa dela dio. Helduek aurretik existitzen den munduan sartzen dituzte belaunaldi berriak eta, horregatik, irakaslearen autoritatea ez da soilik ezagutzatik eratortzen, baizik eta mundu horren aurrean hartzen duen erantzukizunetik. Baina zer gertatzen da autoritate hori zalantzan jartzen denean? Zer gertatzen da kalifikazioa familien eta erakundearen arteko negoziazioaren abiapuntu bihurtzen denean?
Ustez berdinzale eta neutroa den hezkuntza-sistema honetan ere, agerian geratzen da nork duen arauak zalantzan jartzeko gaitasuna eta nork lortzen duen bere ahotsa entzuna izatea
Bourdieuren ikuspegiak aukera ematen digu auzi honi heltzeko. Eskola ez da gizarte desberdintasunetatik kanpo dagoen espazioa. Bourdieurentzat, kapital ekonomikoaz gain, kapital kultural eta sozialak ere funtsezkoak dira. Erakundeen funtzionamendua ulertzea edo administrazioaren aurrean nola jokatu jakitea, esaterako, baliabide garrantzitsuak dira eta ez daude berdin banatuta. Nork daki erreklamatu daitekeela, nola egin behar den eta zein instantziatara jo? Nork dauka denbora hori egiteko edo nor sentitzen da irakaslea zalantzan jartzeko legitimatua? Annette Lareaurek erakutsi du klase ertaineko familiek joera handiagoa dutela irakasleen erabakiak zalantzan jartzeko, negoziatzeko eta beren seme-alaben alde instituzioaren aurrean esku hartzeko. Guztiek jokoaren arau berak bete behar dituzten arren, guztiek ez dute kapital bera joko honetan aritzeko. Batzuek badakite arauak zeintzuk diren eta nola jokatu; beste batzuek, berriz, zalantzan jartzea bera ere ez dute aukera erreal gisa ikusten. Hau da, irakaslea zalantzan jartzeko zilegitasunaren pertzepzioa ere familian eskuratutako kapital sozial eta kulturalarekin lotuta dago.
Baina kapitalak ez dira ekonomikoak, kulturalak edo sozialak bakarrik. Bourdieurentzat, hizkuntzak ere balio desberdina izan dezake merkatu sozialaren arabera. Eta baliteke hemen egotea 2026ko USaPeko euskararen inguruko polemikaren gakoetako bat edo galdera iradokitzeko aukera. Esanguratsua da eztabaidaren erdigunean egon diren suspentsoak eta erreklamazioak zenbait ikastetxe eta gizarte-sektoretan kontzentratu izana. Baliteke gatazka ez izatea soilik ikasleek euskaraz zuten gaitasunari buruzkoa, baizik eta hauek euskarari aitortzen dioten balioari buruzkoa ere. Gatazka honetan ez dago emaitza bakarrik jokoan, baita euskarari aitortzen zaion balioa eta hori zalantzan jartzeko legitimitatea ere. USaPeko auzia, beraz, ez litzateke aurreko galderetatik aparteko fenomeno gisa ulertu behar.
Eta hemen itzultzen gara hasierako galderara: nork du instituzioaren aurrean bere ahotsa urrunago eramateko gaitasuna? Erreklamazioak ez ziren bigarren zuzenketa batera mugatu. Administrazio-bidea agortuta, zenbait familiek ordezkaritza juridikoa kontratatu eta auzitegietara eraman zuten gatazka. Nork, nola, zergatik eta noraino?
Ustez berdinzale eta neutroa den hezkuntza-sistema honetan ere, agerian geratzen da nork duen arauak zalantzan jartzeko gaitasuna eta nork lortzen duen bere ahotsa entzuna izatea. Agian, auzi honen inguruan egin beharreko azken galdera ez da nork duen erreklamatzeko eskubidea. Baliteke galdera izatea ea hezkuntza publikoak guztiontzat joko bera izaten jarrai dezakeen, batzuek jokoan aritzeko kapital askoz handiagoa dutenean. Hala ez bada, onartu beharko duguna da hezkuntza publikoak ez dituela joko-arau berak ezartzen eta kapital gehien duenak ezartzen dituela. Hortaz, zintzotasun ariketa gisa, zergatik ez diogu gehitzen programazioari ebaluazio-irizpideak presio eta kapital gaitasunaren arabera baldintzatuak izan daitezkeela?
Irakasleok, partida hasi besterik ez da egin. Zorte on, eta irabazi dezala programazio didaktiko onenak!
Ainhoa Muñoz Sarasketa, filosofia irakaslea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.