Joko-aretoek eta apustu-etxeek sarbide kontrolaz harago doazen neurriak hartu beharko lituzkete

  • Joko-aretoetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzea, ohitura arriskutsuen detekzio goiztiarra sustatzea eta beste proposatu du Ines Murierek, Aralar elkarteko psikologoak.

Olaia L. Garaialde

2026ko abuztuaren 11n - 10:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Joko eta Apustuen Araudi Orokorraren arabera, 2026ko martxotik derrigorrezkoa da joko-aretoek eta apustu-lokalek sarbidea kontrolatzea. Nafarroako Aralar elkarteak ludopatiaren arloan laguntza eta prebentzio lana egiten du. Bertako psikologoa den Ines Muriek azaldu duenez, sarbide kontrolak onuragarriak izan daitezke, batez ere adingabeak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak babesteko. Lokaletan sartzeko, erabiltzaileek identifikatu egin behar dute beren burua, eta adingabeak badira edo auto-debeku zerrendan badaude, sarrera ukatzen zaie. “Berehalako eskuragarritasuna gutxitzen du, eta adingabeei transmititzen die jokoa araututako jarduera bat dela”, esan du.

Edonork eska dezake auto-debekua. Horri esker, abstinentzia sindromea agertuz gero, ezin izango du joko-areto edo apustu-lokaletan sartu. Horrela, berriro jokatzen hasteko aukerak murrizten dira. Hala ere, neurri horretatik kanpo geratzen dira tabernetako makina txanponjaleak.

Murieren ustez, neurriak prebentziorako baliagarriak diren arren, ez dira nahikoak. "Sarbidea arautzen dute, baina ez dute jokabidea erregulatzen. Ez dute aztertzen pertsona batek diru kopuru handia jokatzen ari den, denbora gehiegi ematen duen edo bere jarrerak jokoarekiko arazo bat izan dezakeela adierazten duen", azaldu du.

Horregatik, egungo neurriak "urriak" direla nabarmendu du, eta zenbait hobekuntza proposatu ditu: joko-aretoetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzea, prebentzioa gaztetatik lantzea, jokoaren publizitatea aztertzea, ohitura arriskutsuen detekzio goiztiarra sustatzea eta arreta espezializatuko baliabideetarako irisgarritasuna hobetzea. Era berean, araudia etengabe ebaluatzea eta beharrezkoa denean eguneratzea lagungarria izango litzatekeela gaineratu du.

Nafarroako Foruzaingoaren Joko eta Ikuskizun Brigada arduratzen da joko-areto eta apustu-lokalek araudia betetzen dutela zaintzeaz. Hala ere, Murieren esanetan, araudiak oraindik zenbait hutsune ditu. Horregatik, Aralar elkartera arau-hauste edo kezkak iristen denean, kasuak brigadari jakinarazten dizkiote.


Ludopatia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...