Larunbat gauean hil da Jokin Urain Kixkur idazle eta preso politiko ohia. Mendaron (Gpuzkoa) jaio zen 1959an. 1986an atxilotu zuten ETAko kide izateagatik eta 27 urte eman zituen preso, Estrasburgoko epaiak Espainia behartu zuen arte libre uztera. Hainbat liburu idatzi eta bultzatu zituen.
Mendaroko Alkorta baserrian jaio eta ikasketak egin zituen Lasturren lehenik, Deban gero, eta Donostiako Zabalegi nekazaritza eskolan azkenik, 1970eko hamarkada politikoki ezin biziagoan. “Zabalegin geundela lumatu zuten Carrero Blanco, esaterako. Bagenituen giro harekiko kezkak, hitz egiten genuen horretaz", azaldu zion Miel Anjel Elustondori ARGIAn eginiko elkarrizketan.
1983an Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta 1986an atxilotu zuten Basaurin (Bizkaia). 27 urte emango zituen preso, tartean hainbat kartzela ezagututa, tartean eta urte askoan Herrera de la Manchakoa. Naiz-ek gogoratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/06 doktrina ezarri zion 2009an, 23 urte preso zeramatzala, eta zigorra 2016ra arte luzatu zion. Baina azkenen 2013an utzi zuen libre Espainiako Estatuak, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/06 baliogabetu ondoren.
Literatura eta memoria
Kartzela barruan zein kanpoan idatzi zituen liburuak Urainek. Nobelak izan ziren bere bi estreinako lanak, Izaina (1990) eta Adlotse (1992). Bi kronika etorriko ziren ondoren: Gatibu sortu nintzen (2000), Antxon Garcia del Molino presoaren bizitza oinarri, eta Errotarria (1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria). Preso garaiko bere azken lana saiakera bat izan zen, 2010ekoa: Ez dago etxean (1937-2009: kartzela eta literatura). Bere azken liburua 2021ean argitaratu zuen: Txomin. Aurrera bolie!, ETAko buruzagi historikoaren biografia.
Berak sinatutako lanez haratago, beste asko ere koordinatu edo bultzatu zituen Urainek, gehienak memoriari, errepresioari edo erresistentziari lotuak. Esaterako, Urrun da zeru urdina (2022) antologia, 2002tik 2017 artean Ataraminek argitaratu zituen hainbat lanez osatua. Euskal errepresaliatuen lanak argitaratzen dituen elkartearen kide izan zen Urain. Ametsen liburua (2015) liburu erraldoiaren koordinatzaile ere izan zen. Naiz hedabidean zutabegile aritu zen hainbat urtez.
Artikuluaren hasieran aipatu ARGIAren elkarrizketa 2008an egin zion Elustondok Uraini, artean Dueñas (Palentzia, Espainia) espetxean preso zegoela. Horrela zuzendu zitzaion elkarrizketatzaileari: “Ez zara alferrik etorri Jeremy Benthamen uhartera. Zer esaten dugun, zelako keinuak egiten ditugun… Norbait egongo zaigu kameratik begira, gure pausokeraren arabera gure burutazioak igarri nahian. Baina hemengo ahotsak eta irudiak jasoz kazetari lanak egin nahi badituzu, ez dizute asko erraztuko bidea. Aurrez aurre, kristal lodia bitarteko, eseri eta berrogeita bost minutuko berriketalditxoa egite soila ez da pentsa litekeen bezain erraza”.