Besteak beste, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, autismoa, desgaitasun intelektuala eta osasun mental nahasmendu larriak diagnostikatuta dituzten pertsonek erabili dezakete Human-AA ziurtagiria.
Ama baten beharretatik sortu da Human-AA ziurtagiria. Maria Pilar Masip Lassak urte eta erdi darama Nafarroako Osasun Departamentuarekin hizketan ziurtagiria lortzeko. Helburua da jokabide nahasmenduak diagnostikatuta dituztenek arreta medikua jasotzerako orduan lehentasuna eta akonpainamendua izatea. Adin guztietarako da. Masipen alabak arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua eta gaitasun handiak ditu: “Itxoitearekin zerikusia duen edozer oso nekagarria da, urduritzen direlako eta ezin direlako geldirik egon”.
Ilara egitearekin zerikusia duen tramite oro “zaila” da, baina bereziki “gogorra” iruditzen zaio larrialdietara joatea: “Gaizki zaudelako joaten zara, eta itxaroten eta itxaroten egon behar duzu. Azkenean toki batetik bestera eta dena ukitzen ibiltzen dira. Orduan, jendearen begirada txarrak hasten dira”. Virginia Vidalen semeak ere arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dauka, eta iruditzen zaio “ikusezina” denez, askotan ez dela ulertzen edo kontuan hartzen: “Pentsatzen dute lotsagabeak direla eta amak oso permisiboak garela”. Masipek gaineratu du kontrakoa egiten dutela: “Askoz muga gehiago jartzen dizkiegu eta akituta gaude, baina horrelako haurrei asko kostatzen zaie arauak ulertzea”. Horregatik, uste dute “oso lagungarria” dela ziurtagiria.
"Toki batetik bestera eta dena ukitzen ibiltzen dira. Orduan, jendearen begirada txarrak hasten dira. Pentsatzen dute lotsagabeak direla eta amak oso permisiboak garela"
Iruñean bizi dira biak, eta Masipek eta bere alabak 2025eko urrian ziurtagiriaren onurak bizitzeko aukera izan zuten. Alabak hatz bat apurtu zuen, eta greba eguna izan arren, soilik berrogei minutu egon ziren larrialdietan. Larrialdietatik atera ostean, jakin zuen ziurtagiria martxan zegoela: “Ezin nuen sinetsi, nik eskatutakoa zen. Arreta oso ona izan zen lehenengo momentutik”. Azkartasunaz gain, akonpainamendua ere behar dutela dio, eta beste batzuetan ez bezala, alabarekin leku guztietara joaten utzi ziotela.
Nola eskatu daiteke?
Oraindik ez da oso ezaguna ziurtagiria, baina poliki-poliki geroz eta gehiago dira eskatzen ari direnak. Kontatu dutenez, erraza da ziurtagiria lortzea. Erizainarekin eskatu behar da hitzordua, balorazio bat egiteko. Ostean, ez da beharrezkoa ziurtagiria behar duen pertsonak jasotzea papera; senide, zaintzaile edo ordezkari batek hartu dezake. Azkenik, zuzenean eguneratzen da Osasun Karpeta Pertsonalean.
Neurri aitzindaria da ziurtagiria, eta Euskal Herrian soilik Nafarroan dago. Masipen ustez, lurralde gehiagotara zabaldu beharko litzateke. Horrez gain, zineman edota ilara luzeak egin behar diren beste tokietan erabili ahal izatea ere lagungarria litzatekeela dio: “Hedatu beharko genuke”.