Jinwar, emakume askeen herria

  • Emakumeek beren buruak askatu eta beste emakume eta haurrekin bizitza demokratikoa gara dezaketen lekua da Jinwar –kurdueraz "emakumeen herria"–. Bertan bizi diren pertsona guztiak bizitza komunalean barnebilduta, ekonomikoki buruaskia den herria eraiki dute gudak eta sufrimenduak hainbestetan kolpatzen dituen Ekialde Hurbilean. Utopia puska bat Rojavan. 

Emakumeen herriko sarrera Jinwar

2026ko otsailaren 20an - 21:14
Azken eguneraketa: 2026-02-21 06:52
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Jineologî akademiako ikerlarietako bat den Serhildan Banyanek azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak: 2014an Estatu Islamikoak Jezidi emakume asko bahitu zituen –hasi da kontatzen–. Eskubiderik gabe, sexu-esklabo gisa erabili zituzten. Kurduen YPJ eta YPG taldeek herriok askatu zituztenean, drama handia topatu zuten: emakume horietako askok haurrak izan zituzten edo haurdun zeuden. Asko ez zituzten beren komunitateetan onartu edo senarrek haur horiek abandonatzeko exijitu zieten. Ez zuten halakorik egin eta etxetik bota zituzten. Zer egin orduan?

2016an Rojavako emakumeen erakunde ugarik –Kongra Star, Emakume Askeen Fundazioa, Jineolojî Batzordea eta Martirien Familien Elkartea– Rojavan emakumeen herri bat egiteko erabakia hartu zuten. Eta lanari ekin zioten. 2016ko azaroaren 25ean hasi ziren eraikitzen, Siriako Guda Zibil betean, eta ofizialki 2018ko azaroaren 25ean inauguratu zuten Jinwar, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean. Ordutik biolentzia matxistaren biktimak edo senarra martiri eroritako familiak bizi dira gizarte sexistatik kanpoko herri honetan.

Jinwar herriko biztanleak elkarrekin baratzean. Jinwar

"Lurralde hauetan urte luzez etxeak eraiki izan diren bezala eraiki genituen eraikinak. Modu tradizional eta jasangarrian egin izana garrantzitsua da, hemengo klima beroa eta lehorra delako", diote beren webgunean. Dena auzolanean egin zuten.

Gaur egun 35 etxe ditu herriak eta bakoitzean hiru emakume bizi dira. Bizitza komunitarioa egiten dute: elkarrekin egiten dute baratzean, ogia, oiloak zaindu, haurrei hezkuntza eman... Herriko hormetako batean idatzitako lelo batek ongi laburbiltzen du proiektuaren filosofia: "Emakumerik gabe ez dago askatasunik, eta beraz, emakumeak hezi eta ahaldundu arte, ez da askatasunik izango". 

Gizonak joan daitezke bertara lanetan laguntzera, baina printzipioz, gaua ezin dute bertan pasa. Herrian eraiki dituzte eskola –Abdullah Oçalanen amaren izena du: al-Om Awish–, Jineologî akademia, osasun etxea, sendabelarren institutua...

Biolentzia matxistarik gabeko eremua da herria. Jinwar

Modu horizontalean antolatuta daude, batzar edo komunen bidez: haurrek beren batzarra eta bozeramailea dauzkate beren kontuen berri helduei emateko, nerabeek berdin, amek ere bai... Gauero komuna bakoitzeko arduradunak biltzen dira herriari buruzko erabakiak hartzeko. Guda garaiotan, Jinwar herriak ere bere defentsa du eta emakume helduak dira inguruak armatuta defendatzen dituztenak.

Herria ezagutu dutenen ustez, Rojavako Iraultzak eman duen gauzarik ederrenetakoa.

 Jinwar

Kurdistan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Rohilat Afrin, YPJ-ko komandantea
"Guda hau, batez ere, emakumeen aurkakoa da"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.