Qamishloko eraikinik ederrenetako batean dago Jineologî akademia. Ez da xehetasun hutsala, Rojavako iraultzak emakumeen askapenari ematen dion garrantziaren erakuslea da. Eraiki zutenean harem bat zen, hau da, emakume mordoa esklabotza egoeran edukitzen zituzten agintarien etxea. Ondoren, al-Assaden Baas alderdiaren egoitza izan zen, hau da, emakumeen eskubideak ukatzen zituen egiturarena. Gaur egun, emakume askeak sortzen dituzte hemen.
Hasteko, kontzeptuaren jatorria: Jineologî hitza Jin (emakumea) eta logia (zientzia) elkartuta sortu dute, baina aldi berean, jin hitzaren erroa jiyan da, hau da, “bizitza” kurdueraz. Emakumea eta bizitza. Dialektika horretatik abiatuta ari dira teorizatzen pentsamendu askatzaile hau. "Emakumearen inguruan garatutako zientzia izango da soziologia egiati baterako lehen urratsa", diote beren webgunean.
“Rojavan bizitzaren zientzia behar dugu, elkarbizitzaren zientzia eta demokraziaren zientzia. Gaur egun Mendebaldeko akademiak zientzia ugari sortu ditu, baina aipatu ditugun hauek ez. Zergatik ote? Lasai, guk egingo dugu”, adierazi digu akademia honetako ikerlarietako bat den Serhildan Banyanek. Pertsona honek ezin du argazkietan atera, Daeshen lehen mailako helburua baitira lan honetan ari diren emakumeak. Zoritxarrez, ez da mehatxu hutsa, sarreran dituzten akademiako martirien argazkiek frogatzen dutenez. Berak eta beste zenbait kidek azaldu dizkigute zientzia honen inguruan egiten ari diren gogoetak.
Jineologî kontzeptua lehen aldiz 2008an aipatu zen eta zenbait kidek hiru urtez garatutako lanaren emaitza izan zen Jineologî-n hastapenak liburua. Mugarria izan zen.
Hiru oinarriren gainean eraiki dute kontzeptua: batetik, Kurdistango emakumeen askapena; bigarrenik, emakumeen mugimenduak historian, bereziki feminismoa; eta azkenik, historia osoan izan diren emakumeen aldeko mugimenduak. Jarraian bakoitza pixka bat garatuago:
Abdullah Oçalan kurduen lider espetxeratuak definitu zuen filosofiak askapen borrokaren erdigunean jarri zuen emakumeen aurkako zapalkuntzari aurre egitea. “Esperantzaren printzipioak identifikatu zituen APOk eta bere lanari esker Kurdistango emakumeak antolatzen hasi ziren". Akademia honetan ere, ez da falta bere argazkia.
Mendebaldeko mugimendu feministekiko kritikak badituzten arren –"haiek gurekiko dituzten bezala"– jineologirako feminismoa mugimendu gisa oso garrantzitsua dela diote. “Mundu osoan emakumeek borroka ugari eraman dituzte aurrera, adibidez, boto eskubidea lortzeko. Kontua da, hori lortzean geratu egin zirela mugimendu hauetako asko”, adierazi dute. Gaur egun mundu mailan sortu den olatuak beraiei ere indarra ematen diela argi dute, dena den.
Gizakia gizaki denetik, etengabeak izan dira aldaketak, bai antolatzeko sistemetan, hizkuntzetan, kulturetan... Akademia honetako kideek oso atzera begiratu eta duela 45.000 urteko aztarna arkeologikoetan emakumeak gizarte egitura askotan botere posizioetan zeudela ondorioztatu dute. Emakumeen figura arkeologikoak aurkitu dituzte eta ondorioztatu, historian milaka urtetan emakumeak izan direla, amak, familiak gidatzen zituztenak. Beren inguruan antolatzen ziren gizarteak. Azpian eskultura horietako bat, baina lotura honetan ikus daitezke askoz gehiago.
Milaka urteko matriarkatu horiek erlijio modernoak inposatuz eraitsi zituzten eta jainko berrien bidez patriarkatuak eta kapitalismoaren oinarriak ezarri bazter guztietan, Oçalanek oso ongi azaldu zuenez Zibilizazioaren jatorriak liburuan.
Michel Foucaultek eta Friedrich Nietzschek zioten egia bilatzeko sustraietara jo behar dela metodo gisa. Horixe egiten dute etengabe Kurdistanen. Horretarako akademia honen metodoetako bat etimologiari begiratzea da. “Zerbaiti izena jartzea bere patua definitzea da”, diote. Soilik Siria iparraldean emakumeen izenetatik eratorritako 14.000 leku-izen aurkitu dituzte. Zer esan nahi du horrek? Sumeriako herri hauek emakumeek izendatu zituztela antzina. "Arazo bati irtenbidea aurkitzea errazagoa da gizarte sistema historikoen garapenen artean lotura bat aurkituz gero, ez nahitaez legeekin, baizik eta garaiko borroka ideologiko, politiko eta moral formekin", idatzi zuen Oçalanek.
Sinboloak, kultura, kantuak eta mitologia ere aztertzen dituzte atzera begirako azterketa hori egin eta iraganari beste interpretazio batzuk emateko. Gaur egungo azterketa gehienak gizonek beren gizon begiradatik eginak direla argi dute ikertzaile hauek. “Gizartearen arazoei aurre egiteko, gizartearen ezagutzara jo behar da”, diote.
Iraultzaz geroztik, hainbat bide ari dira jorratzen. Batetik, 7 eta 12 urte bitarteko Rojavako haur guztiei eskolan jineologia azaltzen diete, emakumeen zapalkuntza estrukturalaz hitz egiten diete akademia honek propio prestatutako ikas materialarekin. Bestetik, liburutegi eta ikerketa zentro feministak eraikitzen ari dira. Hirugarrenik, sendabelarrak eta batez ere emakumeek izan duten naturaren ezagutzan sakontzen ari dira. Eta azkenik, Jinwar izeneko emakumeen herria sortu dute Rojavan, aparteko erreportaje bat merezi duen proiektu utopikoa.
Bai Estatu Islamikoarentzat, bai HTSrentzat –Al Qaedaren Siriako adarra, egun Sirian agintean dagoen alderdia– jineologin eta emakumeen askapenean ari diren pertsonak lehen mailako helburuak dira. “Fundamentalistek gu bezala, guk ere ez ditugu haiek onartzen”, dio irmo Serhildan Banyanek.
“Jineologîri eraso egiten diote gizartea eraldatzeko gogoetak sortzen ari garelako. Adibide bat jartzearren, Alepoko Andreya Wolf liburutegia esfortzu handiarekin osatu genuen. Auzoko checkpoint-etan pasa zenitzakeen armak, drogak eta nahi zenuena, baina liburuak ez. Hala ere, emakumeek ezkutuan kontrabandoz eramatea lortzen zuten beren gorputzean ezkutatuta. Auzo kurduei eraso egin eta bertara sartu zirenean bi gauza erre zituen: kurdueraz ziren liburuak eta ezkerreko pentsamenduari buruzkoak. Arabieraz eta erlijioaz ziren liburuak bakarrik utzi zituzten. Erlijioaren bidez gizartea zatitu nahi dute eta emakumeon eskubideak ukatu".
Iraultzak etengabeko pentsamendua behar du mugimenduan. Akademia hau horren erakusle argia da. Eta bertako iraultza ezin da ulertu emakumearen askapenean azken hamabost urteetan eman dituzten urratsak kontutan hartu gabe. Aurrera jarraitzeko oinarri sendoak jartzen ari dira etengabe.