Jesus Mari Zabarte ‘Garratz’ euskal preso ohia hil da

  • 1960ko hamarkadatik ETAko kide izandakoa eta hasieratik borroka antifrankistan murgildua, hainbat aldiz atxilotu zuten, azkena 1984an Guardia Zibilak Hernanin egindako segada batean. Parot doktrina ezarrita, 29 urte igaro zituen kartzelan.


2026ko ekainaren 30ean - 12:12
Azken eguneraketa: 2026-07-01 11:57
Jesus Mari Zabarte 'Garratz'. Goiena.eus
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Jesus Mari Zabarte Garratz euskal preso ohia hil da astelehen honetan, 80 urterekin. Arrasateko (Gipuzkoa) Garratz baserrian jaioa, 1960ko hamarkadan hasi zen borroka antifrankistan eta berehala, 1967an, ETAn sartu zen. Txomin Iturberekin eta Eustakio Mendizabal Txikia-rekin batera aritu zen garai haietan.

Frankismoan epaileen aurka

Erakunde horren barruan ekintza ikusgarriak egin zituen, lapurretak eta leherketak tarteko, erbestea eta deportazioa ere ezagutu zituen, eta Polizia frankistak 1973an atxilotu zuten lehen aldiz Bilbon, tiroketa gogor baten ostean hankan zauritua izan ondoren.

1974an gerra-kontseiluan epaitua eta zigortua –epaileei ohiu egiteagatik eta makulua botatzeagatik salatik kanporatu zuten–, Zabartek lau urte egin zituen espetxean, 1977ko amnistia arte. Denbora horretan gose grebak egin zituen hainbat ziegakiderekin batera eta, Burgosko (Espainiako Estatua) kartzelan zela, ihes egiten ere saiatu zen;  Puerto de Santa Maríako (Cadiz, Espainiako Estatua) espetxean bakartu zuten ondoren. 

Jesus Mari Zabarte 'Garratz' 1977an aske utzi ondoren ongi etorria Arrasaten. Laso / ARGIA (Copyright)

1978an berriz atxilotu zuten Arrasaten; Polizia tiroka hasi zitzaion bere kontra prestaturiko segada batean, baina bizirik ateratzea lortu zuen. Atxilotuta egon zen bitartean torturatua izan zela salatu zuen. Ordurako Zabartek HASIn militatzen zuen. Gero, preso zela, HBren Gipuzkoako hautagai izan zen Espainiako Kongresurako. 

1979an behin behinean aske utzi eta handik gutxira ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira, borroka armatuan jarraitzeko asmoz.

1984: enegarren eta azken segada Hernanin

Hernanin (Gipuzkoa) 1984an izandako segada batean atxilotu zuten azkeneko aldiz. Guardia Zibilak ETAko hainbat kide zeuden etxe bat inguratu zuen, eta ihesbiderik ez zuten arren tiroka hasi zen; azkenean, barrura granada bat bota zuen: Agustin Arregi Txuria eta Juan Luis Lekuona Kattu hil eta Zabarte atzeman zuten.

Donostia komandoko kide izatea eta 20 atentatu ingururekin lotuta egotea egotzi zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. 615 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2013an geratu zen behin betiko aske. Guztira, 29 urte egin zituen espetxean, baina kartzelaldiaren azkeneko zatia legez kanpokoa izan zen, 197/2006 doktrinaren bidez ezarria. Horregatik, Europak baliogabetu ondoren aske utzi behar izan zuten, Xabin Usandizagarekin eta Andoni Cabellorekin batera.

Urruntze politikaren ondorioz, Espainiako Estatuko hainbat kartzelatan egin zuen espetxealdia; Huelvan, Almerian, Salto del Negron, Puerto de Santa Marían eta Ceutan, bertzeak bertze.  Bere ama, Joxepa Arregi, Etxerat elkartearen lehendakaria izan zen, 2010ean hil zen arte; Zabarteri ez zioten utzi ama agurtzen.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...