Jerusalemgo UNRWAren eraikinak eraitsi ditu Israelek

  • Israelek NBEren agentziak Jerusalem ekialdean dituen eraikinak suntsitu ditu astearte goizean, Seikh Jarrah auzo okupatuan. Israelek GKEen aurka hartutako neurrien ostean iritsi da eraisketa. Agintari sionisten arabera, “Israel UNRWAren Jerusalemgo eraikinen jabe” da, baina UNRWAk baieztapena gezurtatu eta ekintzak gaitzetsi ditu.

@GRFriedrich

2026ko urtarrilaren 21ean - 11:20
Azken eguneraketa: 2026-03-10 10:29
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Israelek UNRWAk, NBEren errefuxiatu palestinarrentzako agentziak, Jerusalem ekialdean dituen eraikinak suntsitu ditu astearte goizean. Jonathan Fowler UNRWAren bozeramaileak jakinarazi duenez, "07:00ak pasatxoan, Israelgo indarrak NBEren eremuan sartu dira, eta langileak esparrutik ateratzera behartu dituzte". Hainbat eraikin suntsitzeaz gain, Israelgo segurtasun indarrek presentzia handitu, ingurua hesitu, eta prentsari bertara sartzera eragotzi diote. Garaikur gisa, Israelgo bandera altxatu dute NBEren eremuan. Asteartean bertan, geroago, Israelgo indarrek negar gasa jaurti dute Palestinako merkataritza-eskola baten aurka, NBEren instalazio baten aurkako bigarren eraso batean, ekialdeko Jerusalem okupatuan.

Seikh Jarrah Israelek okupatutako Jerusalem ekialdeko auzoan dauden eraikinak denbora zeramaten hutsik. Izan ere, Israelgo parlamentuak lege bat onartu zuen 2024ko urrian, UNRWAri Israelen jardutea debekatu eta funtzionario israeldarrei agentziarekin kontaktua izatea debekatzeko; eta berriki zuzendu du legea Israelek, UNRWAren instalazioak elektrizitatez edo urez hornitzea debekatzeko. NBEk argi adierazi zuen debeku hori nazioarteko legediaren aurkakoa zela. Gaur gaurkoz, berebizikoa da erakundearen jarduna, Israelek –su etenaren baldintzak urratuta– blokeatzen duen laguntza humanitario eskasaren sarrera kudeatzen duelako.

Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarra lehen pertsonan izan da eraisketetan. Bulldozerrak eraikinak suntsitu bitartean, pozarren adierazi du "ospatzeko egun historikoa" dela, eta UNRWA "terrorismoaren lagun" gisa kalifikatu du. Bere aldetik, Israelgo Atzerri ministroak erasoa justifikatu du, esanez "Israel UNRWAren Jerusalemgo eraikinen jabe" dela. Fowlerrek, aldiz, adierazpen hori gezurtatu du: "Eraikin multzo hori Nazio Batuen egoitza da". Philippe Lazzarini UNRWAko buruaren arabera, erasoa "Israelgo agintariek errefuxiatu palestinarren nortasuna ezabatzeko hartutako beste neurri batzuen norabide berean" gertatu da.

Nakbatik hona, UNRWAk funtsezko zerbitzuak eskaintzen ditu (elikadura, osasuna, hezkuntza) Israelen sorreran errefuxiatu egin zituzten palestinarrentzat. Israelek sistematikoki oztopatu izan du erakundearen jarduna, eta 2023ko urriaren 7az geroztik errepresioa gogortu du: UNRWAko 300 langile baino gehiago hil eta instalazioen ia bi herenak suntsitu ditu, Al Jazeera-ren arabera.


2026ko urtarrilaren 13
Erresilientzia

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.