Jende gehiago Ziburuko azokan, estres linguistikorik gabeko egun ederrean

  • Ziburuko Liburu eta Disko Azokak ateak itxi bezain laster elkartu gara Baltsan elkarteko Maddi Zubeldiarekin eta egunaren balorazioa eskatu diogu.

Maddi Zubeldia Baltsaneko kidea azoka itxi aurreko minutuetan. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2026ko ekainaren 7an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lehenik eta behin azpimarratu du oso pozgarria dela “ikustea jendea ari dela hitzordu hau berea egiten. Aroa ere, goizez bereziki, ez da oso lagungarria izan, eta inguruan ere baziren bestelako hitzorduak, eta hala ere jende anitz etorri da”.

Hori da lehen balorazioan antolakuntzak nabarmendu duen kontuetakoa: “Aurten ia 1.400 pertsona hurbildu dira azokara, eta horrek esan nahi du aurreko urteekin alderatuta gorakada esanguratsua izan dela”.

Horrek argitaletxeen salmentetan ere eragina du: “Argitaletxeekin postuz postu izan gara eta galdetu diegu ea nola joan den eguna eta oso pozik agertu dira. Oro har, salmentekin pozik dira eta harreman oparoak izan dituzte herritarrekin, herritarrek egileekin, beste argitaletxeekin... Argitaletxe txikienentzat ere plaza oparoa da. Argitaletxez eta diskoetxez bete-betea dago gunea, ez da metro bat libre, gehienek errepikatzen dute eta horrek adierazten du pozik daudela. Plazer handia da hori guretzat”.

Liburu aurkezpenak, kontzertuak, umore saioa... denetan izan da jende asko eta jendeak biziki gozatu ditu sortzaileen azalpenak, baina antolatzaileek bereziki azpimarratu nahi dute kantitateaz gain, hurbiltzen den jendearen kalitatea: “Ziburuko azokak aurtengoan Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omendu du, hori izan da irekiera ekitaldia eta aretoa eta inguruak jendez beteak ziren. Herritarrak, oro har, pozik daude Beñati egindako aitortza horrekin, merezi zuen. Gaur ikusi da hori, eta aurreko egunetan ere hala aitortu digute herritar anitzek. Bera ere pozik ikusi dugu egindako aitortza xume honekin”.

Azokak etena egiten du 13:00etatik 15:00etara eta tarte horretan Baltsan euskara elkartean bazkaldu dute 115 lagunek. “Pozik gaude egiten den eten horrekin, argitaletxetako eta diskoetxetako jendearentzat une garrantzitsua delako haien arteko harremanetarako”, zehazten du Zubeldiak.

Funtsean, amaitzen du Zubeldiak, “gaurko egunean une goxoa eta lasaia pasatzen dugu, jendea etxean bezala sentitzen da, eta iparraldekoontzat egun osoa estres linguistikorik gabe pasatzea itzela da. Beraz, segitu behar dugu euskal kulturaz gozatzen eta txikitik lanean”.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...