argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren krisi mahaia herren gelditu da: LAB eta ELA ez dira gehiago joango
  • Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin, enpresarien elkarteekin eta beste eragileekin osatutako mahai sozioekonomikoa "proposaganda hutsa" eta "kapitalaren interesekoa" baino ez dela diote bi sindikatuek.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 25
(arg: Irekia)

Asteazkenerako deitu du Iñigo Urkulluren exekutiboak mahaiaren beste bilkura bat, baina aurreko esperientziak aintzat hartuta, oraingoan ez joatea erabaki dute ELAk eta LABek, Jaurlairtzak ez duelako sindikatuen eskarietako "bat bera ere" kontuan eduki. Mahai sozioekonomikoaren laugarren bilera litzateke hurrena.

Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko Arduradunaren esanetan mahaia "propagandarako tresna hutsa da. Bertan ez dago ezer adosterik". Sindikatu honen arabera, aurretik ere esperientzia "etsigarriak" izan dituzte zentzu horretan, eta horregatik erabaki dute ez joatea. Mahaian informazioa eman bai, baina harago ez dela joaten salatu dute eta "irudiari" garrantzia gehiago ematen zaiola egindako ekarpenen jarraipenari baino.

LABen ustez ere azkeneko bilkurak "argazkiak ateratzeko soilik baliatu dituzte". Garbiñe Aranburu sindikatuaren idazkari nagusiak eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, agerraldia egin dute orain arteko jarduna baloratzeko. "Estatuko Gobernua kritikatzen du Jaurlaritzak, baita guk ere, erabakiak aldebakartasunez hartzen dituelako, eta zentralizazioa inposatzen ari delako. Bada, Jaurlaritza berdin egiten ari da, langileen beharrak kontuan izan gabe", adierazi du Ugartemendiak.

Aldebakarreko kudeaketa horrek ere oso kezkaturik dauka ELA, pandemiaren aurrean Jaurlairtzak hartu duen estrategiak zerikusi gehiago dauka, bere ustez, "patronalaren ikuspegiarekin". Hala "autoritarismoz" eta "aginte bakarra" erabiliz jardutea leporatu dio administrazioari.

Garbiñe Aranburuk, bere aldetik, argi utzi nahi izan du badituztela "proposamenak" eta "ez diogula eztabaidari uko egiten", baina langileak babestuko dituen akordioak lortzeko "eztabaida markoak" nahi dituztela azaldu du.