argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"
  • Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako murrizketak egingo ditu.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 28a
Artxiboko irudian, Elkar-ekin taldeak deituta Azpeitian egindako elkarretaratzea. / Argazkia: UZTARRIA

"Euskadiko egoera sozial eta ekonomiko errealera egokitzea" da helburua, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu duenez. Alegia, "joko-eskaintza gizartean onargarria den mailara doitzea, osasunaren babesa bermatzea eta arazoak sortzen dituen jokoaren prebentzioa, eta adingabeak eta kolektibo zaurgarriak babestea".

Hori lortu ahal izateko, joko-aretoen arteko nahitaezko gutxieneko distantzia 500 metrokoa izango da, orain arte 150 eta 600 metro inguruko tartea zegoenean baimenduta lokal motaren arabera. Halaber, ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora. Gaur egun ez dago gutxieneko distantziarik lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeekiko.

Bestetik, EAEn gehienez egongo dira hiru kasino (lurralde historiko bakoitzeko bat, eta lizentzia lehiaketa bidez emango da), hipodromo bat, hamalau bingo, 60 apustu-etxe (orain gehienez 75 ireki daitezkeenean, 2007an lizentzia lortu zuten hiru enpresetako bakoitzak 25), eta 170 joko-areto (une hauetan 209 daude). Bistan geratzen da, hortaz, hamarnaka batzuek ateak itxi behar izango dituztela.

Joko-areto guztietako sarrerak kontrolatzea nahitaezkoa izango da, baita ostalaritza eremuetakoak ere. Establezimenduek gehienez bederatzi hilabete izango dituzte egoera berrira egokitzeko, derrigor izan behar dutelako Jaurlaritzaren jokorako sarrera debekatuen erregistrora konektatutako sistema informatikoak.

Azkenik, Jaurlaritzak "indartu egingo ditu murrizketak" publizitateari dagokionez. Besteak beste, debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan goizeko 6etatik gaueko 12etara; ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu; ezingo da publizitateko erreklamo gisa erabili kirol-instalazioen, taldeen edota lehiaketen izen edo markak; eta kirol ekipamendu edo kamisetetan ez da babesle moduan jokoaren arloko establezimendu, enpresa edo operadoreen izenik agertuko. Zentzu horretan, Espainiako Estatuan, abuztuaren 31tik aurrera, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Gobernuak onartutako dekretua dela eta, telebista edota irratiek soilik goizeko 1:00ak eta 5:00ak bitartean emititu ahal dituzte enpresa horien iragarkiak.

Igor Meltxor: "Birusa inokulatzen utzi dute"

Iazko urtarrilean erreportajea plazaratu zuen ARGIAk, apustu-etxeen gorakadari tiraka. Tartean, Igor Meltxor ikerketa-kazetaritzaren hitzak bildu genituen. Halaxe zioen berak orduan: "Jokoaren sektoreaz hitz egitean, diru publikoaren erabileraz kexu da ororen gainetik: “Administrazioek egin erregulazioak ez ditut kritikatuko, ezta Nafarroako Gobernuak onartu duen apustu etxeentzako baimen-luzamendua bezalako neurriak ere, baina egon den inpunitatea salatu beharra dago. Birusa inokulatzen utzi dute eta orain ikusten ari dira ludopatia arazo bihur daitekeela; hobe zuten prebentzio lan txukuna egin”.

Sozializazio prozesuaren garrantzia

Jokoaren Euskal Behatokia sortu zeneko hirugarren urteurrenean eman du Jaurlaritzak aldaketen berri. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle Jonatan García Rabadánek adierazi duenez, “nabarmendu beharreko lehen alderdi esanguratsua da jokoak presentzia argia duela Euskadiko gizartean, biztanleen % 70,5ek azken urtean gutxienez behin jokatu baitu edo egin baitu apustu". Azaldu du inkestari erantzun dioten pertsonen gehiengoak (% 79) baieztatu duela haurtzaroan edota gaztaroan familiartekoren bat jokatzen ikusi zuela, eta "ehuneko txikiagoak baina hala ere esanguratsuak" (% 24,7) aitortu du hemezortzi urte bete aurretik hasi zela jokoan, hau da, legez ezarritako gutxieneko adina baino lehen. "Sozializazio prozesuak eginkizun erabakigarria du egoera horretan, eta, nolanahi ere, jokoak gizartean duen presentzia eta normalizazio maila altua erakusten duten elementuak dira”.