Jaurlaritzaren “inmobilismoaren” aurrean, medikuek greba mugagabearen aukera jarri dute mahai gainean

  • Osasun Sailak egindako proposamena “nahasgarria eta okerra” dela iritzi diote MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek, ez duelako arazorik konpontzen. Osakidetzaren sistema zaharkitua dagoela eta langileen lan gainkargan oinarritzen dela salatu dute. Azpimarratu dute greba mugagabeak “are itxaron zerrenda luzeagoak” ekarriko lituzkeela.


2026ko ekainaren 11n - 10:28
Medikuen protesta, Donostia Ospitalaren aurrean. Inaxio Esnaola/Irutxuloko Hitza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Espainiako Gobernuak erkidegoetako ordezkariekin egindako bileraren ostean heldu da MUD elkarteko ordezkarien prentsaurrekoa. Bezperan, asteartean, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritza Osasun sailburuak proposamen “errealista” bat egina zien medikuei, 70 milioi euroko aurrekontuarekin, egoera hobetze aldera. MUDeko kideek, ordea, proposamena ez dute ontzat jo, “nahasgarria eta okerra” dela iritzi diote, eta gehitu dute egindako proposamenak ez lituzkeela medikuen arazoak konponduko, “benetako arazoa” baita Osakidetzaren sistema “bokazioaren eta gainkargaren” menpeko dela. Hori horrela, negoziazioan pausorik ez badago, uda ostean medikuen greba mugagabea aukera bat dela ohartarazi dute asteazkeneko prentsaurrekoan.

Aste nahasiak izaten ari dira osasungintzan. Urtea hasi zenetik asteroko mobilizazioak egiten ari dira medikuntzako sindikatuek deituta, estatutu propioa aldarri; Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetakoen arteko gatazka ere aireratu du medikuenak. Ekainaren 2an aurkeztu zuen Mónica García Osasun ministroak estatutu markoa, hortik aurrerako neurriak erkidegoen esku utzita; baina medikuntzako sindikatuek estatutu propioa aldarrikatzen jarraitzen dute. Bien bitartean, erkidego arteko bilerek martxan jarraitzen dute, eta astearte honetako bileran erkidego guztiek, Kataluniak izan ezik, planto egin dute, Alberto Martínez Osasun sailburua bozeramaile. Garcíari exijitu diote negoziazioa berriz martxan jarri dezala. Desadostasunaren muina: eskumenak. Erkidegoek salatu dute, hain zuzen ere, medikuek gaitzetsi duten estatutua estatu mailakoa dela, eta negoziazio hori ministerioari dagokiola; alegia, gatazkaren ondorioak erkidegoak ari direla pairatzen, baina erantzukizuna ez dela beraiena.

MUDeko ordezkariak, ordea, ez datoz bat Martínezekin. Asteazkeneko prentsaurrekoan argi adierazi diote sailburuari beraien aldarrikapen gehienak Jaurlaritzak konpondu ditzakeela, eta horrela beharko lukeela izan. Erantzukizunari muzin egitea leporatu diote sailburuari, eta egoera “serio” hartzeko deia egin diote. Izan ere, ohartarazi dute: uda osteko greba mugagabeak eragin dezake jada luzeak diren itxaron zerrendak are gehiago luzetzea.

Osakidetza, zaharkitua

Asteartean jasotako Osasun Sailaren proposamena ez da nahikoa izan medikuen mobilizazioak eta haserrea eteteko. Martínez sailburuak “errealista” gisa saldu badu ere, MUDeko ordezkariek ez diote horrela iritzi, eta diote, kontrara, “mezu oker eta nahasgarria” eman duela. Azaldu dute Osasun Sailak egindako proposamena, “ezohiko inbertsio” gisa saldua, urte luzez izandako “planifikazio faltaren” eta “baliabideen kudeaketa desegokiaren” ondorioak arintzeko baino ez dela.

Izan ere, MUDek azaldu duenez, Osasun Sailaren proposamenaren aurrekontuan “parte handi bat” bidaratuta dago lanaldi osagarrietara, guardiak gehiago ordaintzera eta ezohiko jarduera gehiago finantzatzera. Alegia, ez du sistema aldatzeko proposamenik egiten, kontrara: “Onartzen du berez gainkarga hori badagoela, beste behin, medikuen bizkar”, adierazi dute MUDeko ordezkariek.

Azaldu dute ordainsariak ez direla medikuen marra gorria; ez direla ari eskatzen soldata igoera, “sakoneko eztabaida” bat baino. Osakidetza egoera “kritikoan” dagoela diote, eta hain zuzen ere, egiturazko neurriak behar direla; sistemaren etorkizuna bermatzeko, baina, batez ere, pazienteen ongizatea eta asistentziaren kalitatea ezbaian ez jartzeko.


Medikuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...