Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria Iberdrolako apoderatu ohia da

  • Egun Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria da Guillermo Allende Arangiz, 2025eko otsailaren 15etik (kargu hau Trantsizio Energetikoko sailburuordetzan dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren barruan). Ordura arte Iberdrola taldeko enpresa bateko goi kargua izan da, Jaurlaritzako webgunean irakur daitekeen Allenderen curriculumak berak adierazten duenez.


2026ko urtarrilaren 30ean - 07:00
Azken eguneraketa: 12:48
Guillermo Allende Arangiz. Eusko Jaurlaritza
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zehazki, kargu hauek izan ditu orain arte Guillermo Allende Arangizek Iberdrolan:

Banaketa-sarearen estandarizazio-arduraduna Iberdrola taldeko Redes Eléctricas Inteligentes enpresan (2008-2025 artean) eta Banaketa-sarea Mantentze-lanetako arduraduna Iberdrola Distribución enpresan (2000-2008).

Kudeaketa kargu horiek izateaz gain, apoderatua ere izan da Iberdrolan 2014tik 2024ko azarora arte: Iberdrola Distribución Eléctrica SA-n egin zen lehenik apoderatu 2014an,  eta ondoren enpresa horrek izena aldatu zuen, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SA izena hartu zuen eta bertan ere apoderatu izan da Allende 2020ko urtarriletik 2024ko azaroaren 14 arte, Merkatu Erregistroko Buletin Ofizialeko dokumentuetan irakur daitekeenez.

Guillermo Allende Iberdrolaren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SA enpresan apoderatua izan da 2024ko azarora arte.
Makroproiektu energetikoetan administrazio baimenak ematen dituena

Hauek dira Deskarbonizazio zuzendariaren ardurak, Jaurlaritzaren arabera. Berari dagokio makroproiektu berriztagarrien administrazio baimena ematea edo ukatzea. Esaterako, kargua hartu eta bi hilabetera, 2025eko apirilean, administrazio baimena eman zion Aixeindar SA enpresak aurkeztutako Laminoria zentral fotoboltaikoari eta aldiz, ukatu egin zion enpresa berak aurkeztutako Laminoria zentral eolikoari.

Aixeindar SA enpresan bazkide dira Iberdrola eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE). Hona nola azaldu zuen Jaurlaritzak 2025eko ekainean, Labrazako zentral eolikoaren proiektua: "Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak 59 milioi euro inbertituko dituzte 20 urtean Siemens Gamesa hornitzaile duen Euskadiko lehen parke eolikoan".

Egun, badu beste kargu bat Guillermo Allendek: Energiaren Euskal Erakundearen jabetzakoa den Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SA-ren administrazio kontseiluko kide da.


Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.