EAJko EBBko kide Miren Martiarenak bi lekutan egun osoko lana egiten duela jakitera eman du Naiz-eko kazetari Iñaki Iriondok. Batetik, EBBn egun osoko lana egiten du eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko aholkulari lanetan ere ari da, egun osoz hor ere.
Argitaratutako albiste horretan aipatzen da aste honetako lehen egunetan Miren Martiarena Bruselan egon zela Europako Legebiltzarrean, Aitor Esteban EBBko lehendakaria laguntzen. EBBn Kanpo harremanak, Berdintasuna, Gazteria eta Helduak esparrua kudeatzen du. Eusko Jaurlaritzan, aldiz, Hezkuntza Saileko aholkularia da. Bi lanetan egun osoz ari da. Aholkularitza lanarengatik 80.656 euroko lansaria jasotzen du urteko.
2021etik 2025era arte Martiarena Jaurlaritzako “Gobernu Irekia eta Gobernu Ona” ataleko zuzendaria izan zen. Martxoaren 30ean EBBko kide hautatu zuten, baina EAJko barne arauetan ez da bateragarria alderdiko zuzendaritzako kide izatea eta gobernuan zuzendari kargu bat izatea. Horregatik, zuzendari kargua utzi zuen. Alabaina, 72 ordutara Hezkuntza Saileko aholkulari gisa izendatua agertu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Iriondo kazetariak dioenez, argi dago EAJko zuzendaritzako kidea izatea eta Jaurlaritzako aholkularia izatea bateragarriak direla, baina ez dago hain argi hori bateragarria ote den egungo legediarekin. 1/2014ko ekainaren 26ko Legeak Kargu Publikoen Jokaera eta Interes Gatazkak arautzen ditu, eta horren arabera, EAEko administrazio publikoko aholkulariak era esklusiboan aritu behar dira lan horretan, eta hori da Martiarenaren kasua. Gara-k azpimarratu duenez, alabaina, Linkedineko profilean Martiarenak dio EBBn egun osoko jarduerarekin ari dela.
Kasu batzuetan, hala ere, bateratu daiteke aholkulari lan hori beste kargu publiko batzuekin, beti ere horietako lansari bakarra jasotzen bada. Horregatik, Martiarenak badu baimenik bere aholkulari lana eta Zornotzako udaleko zinegotziarena egiteko, 2023ko uztailean eskuratu zuena.
Aipatu legearen beste atal batek ahalbidetzen du aholkulari kargua beste lan batekin bateratzea, hala nola, fundazioetan, elkarteetan edo irabazi asmorik gabeko erakunderen batean aritzearekin, beti ere ordainpean ez bada. Edozein kasutan Iriondok ondorioztatu du, gaitza dela hori posible izatea, Martiarenak berak Linkedin sare sozialean publikoki aitortzen badu bere EBBko lana egun osokoa dela.