Ikastetxe guztiak, publikoak, ikastolak nahiz kristau eskolak, diru publikoz %100ean finantzatuak izatea ezarri zuen 2023ko EAEko Hezkuntza Legeak, baldin eta hainbat betebehar betetzen badituzte. Gaur gaurkoz, ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du betebehar horien “betetze-mailaren jarraipena egiteko esparrurik”, onartu du.
Gasteizko NClic hiru hizkuntzako ikastetxe kontzertatuak zein neurritan betetzen ditu Hezkuntza Legean adostu ziren baldintza edo betebeharrak? EH Bilduk egin dio galdera Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari. Hezkuntza Legeak jasotzen du printzipio batzuei erantzuten dien ikastetxe oro Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izango dela eta %100eko finantzazio publikoa jasoko duela (ordainetan, ezingo zaie ikasle eta familiei kuotarik kobratu). Hain justu, Hezkuntza Legearen ardatz nagusietakoa eta eztabaidatuenetakoa izan zen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa delakoa: besteak beste, ikastetxeek printzipio horiek betetzen dituztela –edo progresiboki betetzen joango direla– ziurtatzeko neurririk ezean, praktikan zentro guztiak automatikoki zerbitzuaren parte direla eta legeak denak berdintzen dituela kritikatu zuten alderdi gehienek, ikastetxe guztiak de facto interes sozialeko bihurtuta.
NClic zentroa, esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa da? Betetzen ditu printzipioak? Hori jakin nahi izan du EH Bilduk, eta sailburuak zera erantzun dio, idatziz: “Gaur egun ez dago berariaz ezarrita funts publikoen bidez sostengaturiko ezein ikastetxek artikulu horretan ezarritako printzipioen betetze-mailaren jarraipena egiteko esparrurik”. Argitu gabe jarraitzen du, beraz, printzipio edo betebehar horiek batzuek eta besteek nola ulertzen dituzten, zein irizpideren arabera eta nola neurtuko diren, eta betearazteko borondate politikoa zenbatekoa izango den. Eskatzen den laikotasun printzipioak, esaterako, eztabaida piztu zuen: kristau eskolak printzipio hori beteko duela pentsatzea sinesgarria da?
"Finantzazio publikoa jaso ahal izateko ikastetxeek bete beharreko printzipioen inguruko jarraipenik ez da egin, printzipio horiek betetzen diren ala ez ebaluatzeko ere ez da inongo mekanismorik jarri"
Honakoak dira Hezkuntza Legean alderdiek adosturiko printzipioak: “Diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenestea (…); era berean, ikastetxeek sexu- eta genero-askatasuna eta laikotasuna bermatu beharko dituzte (…); doako eta kalitatezko irakaskuntza”.
Sailburuari galdera egin dion EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese kritiko agertu da egoerarekin: “Hezkuntza Legea onartu zenetik bi urte luze pasa diren honetan, artikulu honek jarraitzen du aplikatu gabe eta hortaz, Jaurlaritza ez da artikulu hori betetzen ari. Finantzazio publikoa jaso ahal izateko ikastetxeek bete beharreko printzipioen inguruko jarraipenik ez da egin, printzipio horiek betetzen diren egiaztatzeko mekanismorik ez da jarri eta printzipio horiek betetzen diren ala ez ebaluatzeko ere ez da inongo mekanismorik jarri. Ondorioz, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa gaur gaurkoz osatzen dute EAEko ikastetxe kontzertatu guztiek, baldintzak bete edo ez, eta Nclic-en kasuak argi uzten du printzipio horiek osotasunean bete ez arren ez dagoela inongo mekanismorik araututa bete ditzan, Hezkuntza Sailaren konplizitatearekin”.
Begoña Pedrosak bere erantzunean bi dekreturen berri eman du, urte honetarako aurreikusita daudenak. Batetik, ikastetxe kontzertatuen hezkuntza-itunen araubidea “eta ordainketa eskuordetuaren sistema” arautzeko dekretua aipatu du. Eta bigarren dekretu bati ere helduko diotela iragarri du, “hezkuntza-zerbitzuaren doakotasunaren bermea arautuko duena”, alegia, familiei kuotak ez kobratzeko bermearen ingurukoa.