Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek onartu du USaPeko euskararen polemikaren ondorioz “sistemaren gaineko konfiantza galdu” egin dela. “Hobetu beharrekoak” egon daitezkeela uste du, eta horiek aztertu beharko liratekeela.
Joan den ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak bi zuzentzaile seinalatu zituen USaP unibertsitatera sartzeko probako Euskara azterketan jarritako zeroengatik. Gainera, EHUri “gardentasuna” eskatu zion, eta Hezkuntza Saila probaren antolaketaz erabat aldentzen saiatu zen, nahiz eta azterketak EHUrekin batera egin.
Astelehen honetan EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak datuak eskaini ditu, eta adierazi du emaitzak “normaltasun estatistikoaren barruan” daudela. Hala, frogatutzat eman du Euskara azterketako noten inguruan sortutako polemikak ez duela oinarririk.
Bada, datu eta azalpen horiei buruz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek astearte honetan erran du Eusko Jaurlaritzak ez duela "inoiz zuzentzaileen zintzotasuna, zuzentasuna eta profesionaltasuna zalantzan jarri".
Hala ere, oposizioa kritiko azaldu da Jaurlaritzaren jarrerarekin. EH Bilduk, erraterako, zuzentzaileen profesionaltasunaren inguruko “zalantzak areagotu” izana egotzi zion gobernuari. Kritikei erantzunez, Pérez Iglesiasek gogora ekarri du bera ere urte luzez azterketa horien zuzentzaile izandakoa dela, unibertsitateko irakaslea zela; eta bere zorroztasuna edo exijentzia desberdina zela bertze batzuenarekin alderatuta.
“Egon daitezke exijentzia maila eta zorroztasun maila ezberdinak, baina profesionaltasunari buruzko zalantzarik ez dago”, azaldu du. Sailburuak erantsi du sistemak “bermeak” dituela zuzenketa modu egokian eta dagozkion irizpideekin egiteko.
Pérez Iglesiasek aitortu du, euskarako noten inguruan sortutako polemikaren ondorioz, selektibitateko azterketak zuzentzeko sistemaren gaineko “konfiantza galdu” egin dela, eta konfiantza hori berreskuratzeko moduak bilatu beharko direla. Testuinguru horretan kokatu du Hezkuntza Sailaren eta EHUko ordezkarien arteko asteleheneko bilkura.
“Sisteman hobekuntzak egiteko” alternatibei dagokienez, sailburuak ez du aukera bat edo bertze hobetsi. Baina zehaztu du agian epaimahaiak osatzeko modua edo azterketak zuzentzeko eredua alda daitezkeela, eta gogorarazi du bertze sistema batzuk egon badaudela; tartean, Erresuma Batuko eredua. Azaldu duenez, azterketak pertsona anitzen artean zuzentzen dira, eta, hala, zuzentzaile bakoitza ariketa bakarraz arduratzen eta, eta ez guztiez.
Hala ere, ez du erran hori denik irtenbidea edo egingarria denik. Edonola ere, azaldu du hori erabakitzea ez dagokiola berari, Hezkuntza Sailari eta EHUri baizik. Bada, “elkarlan” hori defendatu du sailburuak etorkizunera begira ere.