Bizirik Gaude
Gartxot Unsain
Balio Dute, 2026
--------------------------
Isiltasunaren garrantziaz jabeturik egin du disko berria Gartxot Unsain donostiarrak. Hogei urtetik gorako ibilbidean, lehenengo aldiz, bere izen propioz atera du diskoa. Berez, gitarra bere indargunea ez bazen ere, gitarra eta ahots doinu ederrak ditu lanabes. Eta lorturiko emaitza horixe bera da. Edertasun isil eta dotore bat.
Amaia Miranda Euskal Herriko gitarra jole dotoreenetako baten laguntza izan du Unsainek. Udan turistez hordi egoten den eta neguan itsaso eta mendiaren arteko talka diren kaiko etxe batean sortu dute elkarlekua. Kresal usaina hartzen diot lanari, metaforen zalea ez banaiz ere.
Mirandari zor diogu ziurrenik Gartxotek gitarraren nota gutxiekin kolore asko emateko gaitasuna. Ekoizpen
ultra zaindua proposatu dute. Eta hori, normalean, gehiegikeria eta hantukeria den arren, kasu honetan, goxotasun eta umiltasun ariketa bat da. Kalitatezko bigarren zigilua Maia Iribarne eta Amoranteren opariek ematen dute. Haien eztarriek ukitzen dutena entzuteko irrika dut.
Gartxotek hartua du biziaren “gakoetako” bat: “Denok beharrez gaude eta inork ez gaitu behar”. Oinazez haztea. Eta norekin eta nora galdera erantzunik gabe. Kantuaren benetako funtzioaren bila egindako biografia bat da disko hau. Screamo-tik, disco dance-ra hamaika tonalitate jorratu ostean, sotiltasunean egin da handi. Denbora geldoko eta ibilbide luzeko lana izango da Bizirik Gaude.
Esango nuke badela maskulinitateak xamurtasunari aurre egiteko modu desberdinaren eredu bat. Beldurrik ez izateak gizon egiten gaituelakoan, beldurrik gabe agertzeak izan dezake parafernaliatik ere, noski, –eta espazioa performatibitatetik okupatzetik–. Baina esango nuke badirela ereduak oraindik zintzotasuna erdigunean jartzen dutenak. Ez dutenak euren hauskortasuna produktu bihurtzen, hauskortasuna onartzen dutenak, eta komunitatean ardura hartzeko gai direnak. “Gugan dugun etsaia” begietara begiratu egin behar da, lehenik.
Asko bilatzen duenak asko behar du, asko duelako faltan. Helburura iristean nola jokatu, horixe da gakoa. Isilago eta leunago agertzeak ez du iraultza bat ekarriko. Baina inguruan sortutako minak, eta norberarenak, bestela bizitzeko uneak ekarriko ditu. Ez dakit, badagoelako bigarren eta hirugarren aukeretan sinisterik, ala? Halaxe dio, bada: “Jada ez dut deus espero”.