Uztailaren 29an Euskal Udalekuen aldeko elkartasun jaialdia ospatu dute. Aissa Intxausti udalekuetako kideak eguneko balorazioa egin eta datozen urratsei buruz mintzatu da.
Aurten ez dute Euskal Udalekurik egin Bernedon (Araba), bai ordea, Abaigarren eta Goñin (Nafarroa). Horren ordez, uztailaren 29an, Aurrera Euskal Udalekuak lelopean egun osoko elkartasun jaialdia antolatu zuten Bernedon. Aissa Intxaustik eguneko balorazioa egin du. Horrez gain, prozesu judizialaz eta administratiboaz mintzatu da.
Esan zenuten indartzeko jaialdi bat izanen zela. Zer moduz zaudete jaialdia pasata?
Egia esan, aurreikuspen denak gainditu genituen, eta oso pozik gaude. Indar erakustaldi bat izan zen, oso emotiboa. Jende pila batek urtean zehar metatuta zituen emozio guztiak bertan igarri ziren.
Zer nolako balorazioa egin duzue?
Alde batetik, babes erakustaldi izugarria izan zen. Azkenean, elkartasun jaialdi bat zen, eta orain arte ez dugu ezer egin proiektutik kanpoko jendeak babesa adierazi ahal izateko. Hor ikusi zen jendea prest dagoela ekonomikoki zein txanda aldetik gauza pila bat egiteko. Horrek aurrera begira indarra ematen digu, eta oinarri sozial bat daukagula berretsi dugu. Alde horretatik, poz-pozik. Bestetik, ekonomikoki babesa ere jaso genuen, eta isunak eta abokatuaren gastuak ikusita, bultzada behar dugu. Aurretik kezkatuta geunden horrelako jaialdi handi batek eskatzen duen antolakuntzagatik. Gu ez gara egitura bat. Baina aurreikuspen denak gainditu genituen, eta bazkarira bostehun pertsonatik gora etorri ziren.
Orain arte Bernedoko herriarekin izan duzuen harremana beste bat izan da. Zer moduz moldatu zarete jaialdia egiteko?
Juntarekin harremanetan jarri ginen. Eurena da alokatuta dugun etxea. Urtez urte egon gara berbetan, eta hasieratik prestutasuna erakutsi dute. Eurak barik ezinezkoa zatekeen jaialdia egitea. Bernedoko jaiak izan dira, eta astebete arinago txosna eta oholtza muntatu genituen. Etengabeko elkarlana izan da, eskerrak.
"Lasaiago dagoela ematen duen arren, prozedura judizial bat martxan dago, eta hezitzaile batzuk deitu dituzte irailean deklaratzera"
Zertarako balio izan dizue egunak?
Aurten ezin izan dira udalekuak egin, eta modu batean edo bestean herriarekin kontaktua mantendu nahi genuen. Aurrera begira udalekuak mantendu nahi ditugu, eta herrian presentzia mantentzea inportantea iruditzen zitzaigun. Horrez gain, balio izan du urte luzez egon diren, baina azken urteetan kanpotik bizi izan dituzten familia, gazte eta hezitzaileak kontaktuan egoteko. Jasan dugun errepresio guztia salatzeko eta indartsu gaudela erakusteko baliagarria izan da ere.
Zuen kontrako eraso asko salatu dituzue. Baretu da zertxobait jazarpena?
Aurreko urteko irailean izan zen boom mediatiko handiena. Hor ez genuen espero, orduan ez geunden prest erantzuteko. Oso handi geratzen zitzaigun makinaria mediatiko, politiko eta polizial guztia. Apur bat gainezka egon ginen, eta ez genuen ia ezer publikoki adierazi, gai sentsibleak zirelako eta ez genuelako horrelako makinariari erantzuteko gaitasunik. Publikoki ez bada ere, abokatuarekin barne lanketetan egon gara. Orain, ekainean, berriz ere apur bat aktibatu zen gaia, Arabako Foru Aldundiak udalekuen debekua argitaratu zuenean. Dena jakin dugu arinago medioengatik. Orduan, apur bat erritmo mediatikoetara moldatzen joan gara.
Abaigarren eta Goñin egin dituzue udalekuak. Zer moduz joan dira?
Udan lasai egon gara. Udalekuak ondo joan dira. Espero genuen gatazkaren bat egotea, baina ez da inor etorri eta ez dira medioak agertu. Umeak gustura egon dira, eta lortu dugu haur eta gazteei uda lasaia ematea. Lasaiago dagoela ematen duen arren, prozedura judizial bat martxan dago, eta hezitzaile batzuk deitu dituzte irailean deklaratzera. Ikusiko dugu zer datorren.
"Udan lasai egon gara. Udalekuak ondo joan dira. Espero genuen gatazkaren bat egotea, baina ez da inor etorri eta ez dira medioak agertu"
Deklaratzera joan behar dute, baina oraindik ez dago epaiketarik, ezta?
Instrukzio fasean dago prozedura. Hau da, ikerketa fasean daude. Prozedura judizial baten lehenengo fasea da. Ikusten badituzte delitu izan daitezkeen ekintzak, epaiketara joango dira edo artxibatuko dute. Ikusiko dugu zer aterako den.
Eta bide administratiboa zertan da?
Kautelazko neurri moduan, guri eta Sarrea elkarteari ipinitako inhabilitazioari errekurtsoa aurkeztu genion epaitegi kontentzioso-administratiboan, eta epaileak behin-behineko neurri gisa inhabilitazioa kendu zigun. Ikusi beharko da zelan ebazten den. Horren gainean Arabako Foru Aldundiak errekurtsoa ipini du. Orduan, uste dugu luzerako izanen dela. Azpimarratu nahi dugu jakinarazpen faltagatik izan zela, eta Arabako Foru Aldundia espediente horretan penaleko gauzak, haurren gutunak eta beste sartzen ari dela. Bakarrik ez jakinarazteagatik izan daiteke prozedura administratiboa.
Zuen jarduna ez jakinarazteagatik?
Bai, azken bi urteetan Foru Aldundiari jakinarazpena ez egiteagatik. Guk berretsi dugu sekula ez dugula ezkutuan jardun. Administrazioarekin harremana izan dugu, eta sekula ez digute eskatu jakinarazpenik.
Zuen proiektua bertan behera uzteko estrategia bat dela uste duzue?
Bai, eta euren eskuak garbitzeko. Orain arte ez dute erregistro elektronikorik eduki, 1994ko dekretua ez dute aktualizatu, nahiz eta 2022ko Gazteriaren Legeak lege-garapena eskatu. Uste dut ikusi dutela ez dutela euren ardura bete, eta nolabait erakutsi nahi dute zorrotzak direla horretan.
Zein bide ireki diren ikusita, aztertu duzue zer egin aurrera begira?
Gu be gaude ez dakigula zer etorriko den. Proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dugu, eta gure esku dagoen heinean, udalekuak ahal den hobekien eta normalen aurrera eramaten saiatuko gara. Ezin dugu ezer pentsatu jakin gabe zer etorriko den. Prest gaude datorrenari erantzuteko.
Hurrengo urtean hiru herrietan mantentzeko asmoa duzue?
Ahal izanez gero, bai. Gaur-gaurkoz elkarteak ez dauka inhabilitaziorik, eta legez egin ahalko genuke. Ez dakigu hurrengo urtean zelan egongo garen, eta egoera mediatikoa eta politikoa zein izango den. Nahiz eta berme guztiak eduki, horrek baldintzatzen gaitu.

