Martxoaren 17an greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, 1.500 euroko gutxieneko soldata duinaren alde Hego Euskal Herrian. Mobilizazioak egun osoan zehar daude antolatuta, herrietan dozenaka greba batzorde osatu dira eta lantokietan pikete informatiboak dabiltza. ARGIAko kazetariek greba aktiboa egingo dute eta jarraipen berezia egingo diote egunari, azken ordukoak, kronikak, bideoak eta informazio guztia eskainita.

Greba egun arrakastatsua izan da Gipuzkoako hiriburuan. Piketeak goizean goiz mugitu dira bateko eta besteko sarbideak blokeatzera, greba orokor eguna zela argi uztera; goizak aurrera egin ahala jendea biltzen joan da auzoetako pikete informatiboetan, eta eguerdian milaka pertsonak Boulevarda bete dute alderik alde. "Borroka hau irabaz dezakegu", adierazi dute amaieran hitzartzean. Egun beroa izan da, eguraldia lagun.

Iruñean ez da batere egun normala izan, hori da lehenik eta behin azpimarratu behar dena greba orokor egun honetatik. Greba orokorrik ez da izan Nafarroa osoan, baina sindikatu deitzaileek mobilizazio ahalmen handia erakutsi dute berriz ere. Oro har, eguna lasai joan da Iruñerrian.

45.000 lagunek bat egin dute Bilbon Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba egunean. Gutxieneko soldata 1.500 eurotan ezartzeko aldarriak bat egin du gerraren aurkako eta mundu "justuago" baten aldeko aldarriekin.

Sindikatuen ordezkariak pozik agertu dira M17ko greba orokorrak Gasteizen izan duen oihartzunarekin. Patronalak eta gobernuek itxitzat eman nahi duten 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena grebak berriz ere ireki duela nabarmendu dute, eta proposamen “justu eta egingarria” dela azpimarratu.
Donostiako manifestazioa amaitu da, eta sindikatuek berretsi dute borrokan jarraitzeko unea dela.
Iruñean, Manex Morenoren argazkiak:




Milaka eta milaka lagun elkartu dira Gasteizen ere. El Corte Ingles dendatik pasatzen 22 minutu pasatu ditu manifestazioak.




Gipuzkoako erresidentzietako langileek bat egin dute greba orokorrarekin. Hala ere, borrokarako gurpila aspaldi jarri zuten martxan. Iazko azaroaren 19tik daude greban hainbat egoitza. Aitziber Aramberri Donostiako Villa Sacramento egoitzako langilea da eta ELAko afiliatua. Badaki zer den greba egun bat, 128 egun daramatza greban bere sektorekoekin batera. Ez ditu bere bizitzako greba eta lanuzte guztiak kontatu, baina 400 inguru ateratzen zaizkio.
Gasteizen hiru zutabe daude antolatuta eguerdiko manifestazioan bat egiteko. Bat Lakuatik atera da, bestea Boulevardeko merkalgune paretik, eta azkenik hirugarrena Esmaltacioneseko errotondatik, garai batean Esmaltaciones San Ignacio enpresa zegoen tokitik hain zuzen. Lantoki hartan egin zituzten lehen greba historikoak Gasteizen 1971 inguruan. Zutabe horri ikasleak batu zaizkie.
Hala Bedik jakinarazi duenez, Boulevardean tentsio uneak izan dira Ertzaintzarekin, piketeak merkatalgunearen biltegiaren atarian pertsona bat identifikatzen saiatu direnean. Esmaltacioneseko errotonda, berriz, une batez guztiz itxi dute errepidean jarrita.
Nafarroan egindako hainbat piketeren argazkiak, ELA sindikatuak plazaratuak:



Donostian, EHUren Gipuzkoako campusa hutsik dago.
Zumaiako Malen Etxea etxeko langile migratuen elkarteak greba babestu du. Langile egoiliarrak etxean dituzten enplegatzaileei gogorarazi die, etxebizitzok lantoki bihurtu direla langilea kontratatu dutenez gero, eta langileok greba eskubidea daukatela, haien nagusiek bezala.
Enpresa handi askotan ekoizpena “erabat” eten dela jakinarazi dute greba orokorra deitu duten sindikatuek. Kaleratzeak eta enpresen itxierak nozitu dituzten Aiaraldea bezalako eskualdeetan, langileen protesta eta mobilizazio ugari izan dira lehen ordutik.
Iruñeko Alde Zaharrean piketea osatu dute. Kondestable Jauregiko sarrera blokeatu dute eragile antiarrazistek 'Errolda orain' lelopean.
Laudioko (Araba) Eroskik itxi ditu ateak. Hori baino lehen tentsioa sortu da, Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez. Ertzaintza grebalari bat atxilotzeko asmoarekin heldu da tokira. Ez dute eraman, baina bi delitu egotzi dizkiote, horietako bat indarrez sartzea lokalean.

Euskal Herriko Bilgune Feministak bat egin du grebarekin. Gogorarazi du gaur egungo sistema ekonomikoak merkatu erregulatuan gertatzen dena baino ez duela kontuan hartzen eta hortik kanpo gelditzen direla bizitza sostengatzen duten ezinbesteko lanak. Lan horiek “ikusezinak dira, aitortzarik gabeak, emakumeek* eta migratuek eginak”.
Martxoaren 17ko Greba Orokorrari atxikimendua eman dio Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Lanaren banaketa sexuala agerian utzi du: bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lanak sistematikoki gutxiesten direla azpimarratu du eta lan horiek emakumeek eta emakume migratuek egiten dituztela.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ikasle piketea osatu dute eta ateak blokeatu dituzte.
Bizkaian, Durangoko eta Iurretako grebalariek N-634 errepidea blokeatu dute Polypal enpresako biribilgunetik gasolindegira arteko tartean. Gainera, Atxondoko, Elorrioko, Abadiñoko, Zaldibarko, Berrizko eta Zornotzako errepideak ere hartu dituzte, Anboto.org-k jaso duenez.
Etxeko eta zaintza langileen hainbat elkartek ezbaian jarri dute greba eredu klasikoa. Ohartarazi dute langile guztiek ez dituztela grebara ateratzeko baldintzak, eta emakume migratu eta arrazializatuen sektorea ikusezin bihurtzen dela greba askotan. Sindikatuekin eta mugimendu feministarekin bat eginda, martxoaren 17ko grebaren alde egin dute, zaintza sektore prekarizatu, feminizatu eta arrazializatuak erdigunea irabaz dezan.