Ruper Ordorika
Non: Plateruena Kultur Aterpean, Durangon (Bizkaia).
Noiz: Otsailaren 20an.
-------------------------
Ai, Ruper. Jakingo bazenu Lurra ikutu barik (2025) argitaratu zenutenean besterik gabe jarri nuela igande goiz batez etxea garbitu bitartean, eta erratza eskuan hartuta sofan eserita bukatu nuela “ez nekien Ruperren disko hau behar nuela” pentsatzen. Instagrameko istoria batean horixe bera jarri nuela egun batzuk geroago, eta hainbatek erantzun zidatela berdina pasatu zaiela esaten. Olentzerok biniloa oparitu zidala eta etxean bueltaka egon dela negua goxo akonpainatzen. Zuzenean ikusteko aukeraren xerka ibili naizela, lagun batek 40 Minutu Rock jaialdiaren bezperako kartela bidali zidan arte. Ez nuela bi aldiz pentsatu sarrera erosteko eta etxeko egutegian apuntatuta egon dela harrezkero.
Sumatuko zenituen, guk bezala, Landako guneari zerion bezpera usaina, etortzear den horrekiko ilusioa eta bolondresen neke eta urduritasun nahastea. Ikusiko zenituen Plateruena kanpoan hesiak eta barraren barrualdean botila beteak tonaka. Plateruena normaltasunez zabalik ikustearen ilusio optikoa bizi izango zenuen zuk ere agian, guk bezala.
Ai, Ruper. Zein eder ikusten zen gure lekutik oholtza sabaitik lurrera zihoazen soka horien artera atera zinetenean. Argi-teknikariaren lanak aldiro ederragotuta, gainera. Jakingo bazenu oholtza horretan kontzertua hasteko Galtzetan gordetzeko koblak hautatzearekin jada irabazi gintuzula; Puerto Santa Mariatik gutunazal batean helarazitako poema sortatik hartutakoa izateagatik eta 1983an argitaratutako batekin hasteagatik. Iruditu zitzaidala esan gabe esatea non, nork, nondik eta zertarako zen kontzertu hura.
Eta ostean, disko berriko kantei ekin zenietenean, gelditasun samurbera bat haziz joan zela. Doluaz, damuaz edo (des)enkontruez zeniharduela zuk, eta kontu horiez gordin eta goxo aritzeko duzun gaitasun horrek beti liluratu izan nauela. Badakit badakizula musikari onak akonpainatzen zaituztela eta badakitela abestiak nola luzitu. Biolinak edo kontrabaxuak duten zera magnetiko hori ere badela, seguruenik, aipatzen nizun gelditasun samurbera horren errudun. Ez dakit ohartu zinen adin guztietako jendea geundela zuei begira, eta 16koek zein 60koek abesten zituztela zure hit-ak. Ahal banu, galdetuko nizuke zer sentitzen den areto betea kantuan denean, zeure hitzak ehunka eztarri ezezagunetatik aditzean.
Ai, Ruper. Nik baino hobeto jakingo duzu zuk hau, baina zuzenekoetan abesti berriekiko harrera oso bestelakoa izan ohi da euskal publikoan. Aitortuko dizut abestiek iraun artean berbaroa egoteak eta musikaren gainetik ondokoaren, atzekoaren eta aurrekoaren elkarrizketak entzuteak sumindu egiten nauela. Isiltzeko eskatzen ibili ginela behin baino gehiagotan eta azkenean lekuz aldatzea deliberatu genuela, baina ordurako disko berriko abesti maiteenak joanak zirela. Pentsatu nahi dut zorte txarra izango genuela igual, aretoaren beste alderen batean desberdin biziko genuela igual.
Ai, Ruper. Bazeneki hainbat kontzertu kronikatan egon naizela gai hori seinalatu, ez seinalatu, eta beti hurrengorako lagatzen dudala. Baina zer egingo diogu, ondo dakizu zuk: denak du bere sasoia.