Jaizkibel konpainiak konpainia guztietako kolorez beteko ditu Hondarribiko kaleak bere 30. urteurrenean

  • Lehen emakumeak Hondarribiko Alardean irten zirenetik, konpainiaren hitzetan, erakutsi da berdintasunak "gehitu" egiten duela, festak "herrikoiagoak" bihurtzen dituelako. Urtemuga ospatzeko, Alarde egunean konpainiako kide bakoitzak gustuko konpainiako jantzia eramango du, koloreak, espazioak bezala, "herritar denenak" direla aldarrikatzeko. 

Hondarribiko Alardea, artxiboko irudia. Dani Blanco / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko abuztuaren 8an - 10:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Aitek eta anaiek egiten zuten bezala, festak barrutik bizi nahi zituztelako". Nahi horri jarraika hasi ziren emakumeak Hondarribiko (Gipuzkoa) Alardean parte hartzen; 1996ean. 30 urte igaro dira eta nahiak berbera izaten jarraitzen du. Beste urte batez, irailaren 8an, Jaizkibel konpainiak kaleak hartuko ditu, baina aurtengoa urtemuga eguna denez, alardeko kideak norberaren gustuko konpainiako jantziarekin irtengo dira.

Aurtengoa urteurren esanguratsua da Jaizkibelentzat; beti ez dira 30 urte betetzen. "1996ko urte hartan Alardean parte hartzea erabaki zuen emakume talde batek, eta herriaren oroimenean eurena ere bazen lekua eskatu zuten", gogoratu du konpainiak. "Urrats irmoz, Alardea guztiona dela erakutsi dugu, eta berdintasunak, kendu beharrean, gehitu egiten duela, festak are herriarenagoak bihurtzen dituelako". 

Hain justu, hori da konpainiak aldarrikatuko duena datorren irailaren 8an: "Salbuespenik gabe, hondarribiar guztiok gure jaiak ospa ditzagun, ezerri uko egin behar izan gabe, bazterkeriarik eta beldurrik gabe". Edo bestela esanda: "Berreskuratu dezagun beti gurea izan den guzti hori eta bizi dezagun herriaren alardea".

Koloreak eta jantziak, espazioak berreskuratzeko 

Horregatik, berritasun batekin desfilatuko dute aurten. Alardeko kide bakoitza gustuko konpainiako jantziarekin aterako da, "gehien maite edo identifikatzen" dituen jantziarekin, izan familiaren koloreak, auzoarenak edota historiarekin loturikoak. "Kolore horiek sentitu eta gure eginez ere erakusten dugulako elkarrekin aberatsagoak garela eta jaia denona dela, espazioak bezala, eta horietaz gozatzeko eskubidea dugula, neska zein mutil izan", adierazi du konpainiak. 

Bestalde, aurten ere gogoan izango dute Palestina jasaten ari den genozidioa eta hura salatzeko, Jaizkibelek deia egin du entseguetan zein Alarde egunean kufiya zapi palestinarra janzteko, palestinar herriari elkartasuna helarazteko. 


Hondarribiko alardea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...