Uda iritsi zaigu, eta beroarekin bat, hiriburu nagusiak turistaz betetzen hasi ere bai. Donostian frantses eta ingeles gehiago entzuten da euskara baino, Iruñean sanferminen aitzakiarekin mundu osoko jendea dabilkigu… Eta horrekin batera, urteroko lemak. Donostian, duela egun batzuk, Parte Zaharrean nindoala, frantses kuadrilla bat Tourist: This is not Spain nor France, is the Basque Country pegatina bati begira ikusi nuen, hura komentatuz. Irrifarre txiki batek ihes egin zidan, pegatinak bere helburua bete zuela ikusita. Buelta eman, eta danba. Bi ume, gurasoekin, euskaraz (orain arte ondo), baina danba. Bi umeak Espainiako selekzioko kamiseta soinean, bizkarrean Oyarzabal jarrita. Danba, errealitate kolpea.
Azken urteetan joera nabarmen bat antzeman dut, eta geroz eta gehiago kezkatzen nau. Bi urtez behin, munduko edo Europako futboleko kopa jokatzen denean, NANean buru gainean dugun bandera bihotzera zenbat eta zenbati jaisten zaien ikusteak, benetan, asko kezkatzen nau. Nola normalizatu den, gure herria zapaldu izan duen, eta oraindik zapaltzen duen herri bateko bandera gainean jarri, eta hura babestea. Gero, Tourra ikustera, denok ikurrinarekin, eta Palestinaren aldeko manifan, Israel zapaltzailea dela aldarrikatu. Baina Espainia animatu, haren golak txalotu, eta nola ez, irabaziz gero, herrian egindako omenaldian parte hartu. “Munduko kopa ez baitaiteke bestela irabazi”. Ba ezin bada irabazi, ezin da, eta Euskal Selekzioa ofiziala ez den arte, ezingo dugu sekula irabazi. Eta zer? Nahiago dut nire selekzioarekin galdu, nirea ez den batekin irabazi baino.
Euskal Pilotak 2026ko urrian munduko txapelketa jokatuko du. Euskal selekzio modura, selekzio ofizial modura. Zenbat hedabidetan irakurri duzue hori? Zenbatek dakizue zein modalitatetan jokatuko den, eta Oyarzabal edo Zubimendi bizkarrean eramaten diren modura, noren abizenak animatuko ditugun?
NANean buru gainean dugun bandera bihotzera zenbat eta zenbati jaisten zaien ikusteak, benetan, asko kezkatzen nau. Nola normalizatu den gure herria zapaltzen duen herri bateko bandera gainean jarri, eta hura babestea
Futbola munduko botere handienetako bat da, Elizarekin batera (barkatuko didazue baina ezin nuen eliza ere zaku berean sartzeko aukera galdu). Pradalesek duela gutxi esan zuen Bilbon, 2030ko munduko kopako egoitza San Mames eta Anoeta izan daitezkeen honetan, Euskal Selekzioa ikusi nahiko lukeela espainiarraren aurka jokatzen. Ba, has gaitezen, edo hobeto esanda, has zaitezte zerbaitetan. Lana denok dugu egiteko.
Herritarrok, normalizatu dena des-normalizatzen hasi. Aurreko batean, taberna batean, zera jartzen zuen: Espainiak jokatzen zuen bitartean, telebistak arazo teknikoak zituela eta ezingo zela piztu. Tabernariaren partetik, txalotzekoa. Zergatik ez ditugu egun hauetan Forumen Euskal Selekzioko kamisetak ikusten? Edo, udaletxeetan Espainiako bandera jarri behar zenean mobilizatu zen jende guztia, espainiar selekzioari boikot eginez, eta horren kontra jokatzen duena animatzen?
Eta erakunde publiko eta politikoek. Zergatik ez erraztasunak jarri euskara ikasteari, euskal selekzioko kamisetak merkeago jarri, edo, zuzenean, San Mames eta Donostia hautagaitzatik atera? Imajinatzen duzue Donostian, Alderdi Ederretik Anoetaraino, bonboa eta Espainiako banderak hartuta kalejira bat? Eta, partidua hasi aurretik, Lolololo lololololololo kantari 40.000 “lagun”? Pentsatze hutsak hotzikara ematen dit.
Ez dakit ba, denbora oso gutxian, Tourist: This is not Spain nor France, is the Basque Country pegatinak atera beharrean Herritar: hau ez da Espainia edo Frantzia, Euskal Herria da pegatinak itsasten hasi beharko ez ote garen, bertakoentzat. Eta zergatik ez, Ciudadana/o: Esto no es España ni Francia, es Euskal Herria, bestela euskaran 0 atera duten ikasle gaixoek ez baitute ulertuko.
Espabila gaitezen, arrain handiak txikia jan aurretik… Eta bihur gaitezen 1.000 arrain txiki, arrain handiaren kontra borrokan, denok bide berean, elkarri harririk bota gabe. Herri zerbaitek egiten bagaitu, demostra dezagun. Jai daukagu bestela. Tenemos fiesta.
Mikel Arizkorreta Aldasoro
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.