argia.eus
INPRIMATU
2026ko urriaren 1
Barra warroak
Jabeak eta gabeak
Behe Banda Behe Banda

Orain dela urte batzuk eskolako irakasleak gure leku kuttuna deskribatzeko eskatu zigun. Tarte luzea izan genuen buruari eragin eta zoriontsu egiten gintuen munduko txoko bat hautatzeko, ondoren akats ortografikorik gabeko testu batean txukun-txukun islatu eta gainontzeko ikasleen aurrean aurkeztu beharko baikenuen. Nik, zinez ideia originala zela pentsatuta, aiton-amonen etxea hautatu nuen, eta gogoz deskribatu nituen sukaldetik hasi eta nire gelaraino hedatzen zen babarrun usaina, leiho-hegiko loreen kolorea eta gotelezko hormek ematen zidaten babesa.

Ez nintzen etxe bat deskribatu zuen bakarra izan ordea: nire ondokoak bere izebaren etxearen inguruan egin zuen lana, parekoak Extremadurako herriko etxeari buruz, eta beste hainbatek euren etxea aukeratu zuten, sinpleki. Orduan jabetu nintzen etxeen garrantziaz, edo, beste modu batera esanda, norbere lekua edukitzearen beharraz eta zentzuaz. Amonari sarri esan ohi nion hogeita bost urte betetzean nire etxe propioa erosiko nuela, eta nik ere leihoak lorez apainduko nituela baina paretak ez zirela gotelezkoak izango.

Ez ditut hogeita bost urte bete oraindik, baina hogeita bat bai, eta oso bestelakoa da errealitatea. Egia esan ez nuen etxebizitzaren problematikaren inguruan idazteko batere gogorik, badakienak badakielako zer gertatzen den hemen eta badirelako nik egin dezakedana baino askoz ere analisi kritiko hobea egin duten asko. Ez hori bakarrik, gaiaren gordintasunak nekatu egiten nau jada, eta honen inguruan eztabaidatzen den bakoitzean gure desesperantza apur bat gehiago kronifikatzen den irudipena dut.

Amonari sarri esan ohi nion hogeita bost urte betetzean nire etxe propioa erosiko nuela, eta nik ere leihoak lorez apainduko nituela baina paretak ez zirela gotelezkoak izango

Hala ere, barrena astintzen digun hori haserre bihurtzen ikasiak gaude, eta errepikakorregia suertatuagatik badakigu bidegabekeriak gertatzen direnean modu batera edo bestera salatu egin behar direla. Horregatik, gainontzeko ideia guztiak baztertzera behartu naute Madrileko Retiron, Bilboko Otxarkoagan eta Gasteizko Alde Zaharrean emandako gertakariek, beste hainbesteren artean.

Kapitalaren logikan inpunitate osoz ematen diren fenomenoak dira poliziak exekutaturiko etxegabetzeak, eta egia esan, ez litzateke zaila izango putre-funtsen edo etxejabe dirudunen aurkako bi hitz esatea. Badago ordea gertakari horien normalizazioa ahalbidetzen duen pertsona multzo konkretu bezain hedatu bat, eta horiek dira, hain zuzen, “baina pertsonak”.

Adibide batekin ilustratze aldera, halako norbaiti Maricarmenen etxegabetzearen inguruan galdetuz gero, erantzungo dizu tristea dela laurogeita zazpi urteko emakume batekin horrela ibili behar izatea, baina segidan bekozkoa zimurtu eta errenta zaharren inguruko zerbait gehituko du, edo alternatiba bilatzeko hogei urte izan dituela murmurikatu, edo ezin dela alokairua horren garesti dagoen gune batean hain gutxi ordaintzen ibili. Pena da bai minbizi terminala duen emakume bat etxetik botatzea Tenerifen, baina hemen denok ordaindu behar dugu azkenean, eta zergatik ez, azkenetan ere bai. Tristea da hori, bai, baina gero hura.

Arrazoiketa ildo horien arriskua nabarmena da, fokua behar ez den lekuan jartzen baitute. Horrela pentsatzen duten gehienek bortizki pairatzen dituzte etxebizitzaren problematikaren ondorioak, eta badakite gutxi batzuen diru-goseak eragindako krisia dela, baina arazo eta etsai handi horiei aurre egiteko itxurazko ezintasunaren aurrean, uste dute norbera zorigaiztokoa bada, orduan bidezkoena denok zorigaiztokoak izatea dela. Alegia, batzuen pribilegioak sorturiko miserian ezin dela pribilegiorik egon, eta nik sufritzen badut, orduan zuk ere bai.

Sare sozialetan zein inguruko jendearen ahotan entzun izan ditugu halako komentarioak azkenaldian, eta intelektualismo ikutu batekin egiten dituzte sarri gainera, auziaren B aldearen jakitun izango balira bezala, etxetik ohatila batean atera duten emakumea horren zintzoa ere ez dela deskubritu izan balute lez. Esango dute kaleratuak izan diren horiek sistema engainatzen saiatu direla, eta merezitakoa besterik ez dutela jaso.

Bitartean, Idealistan sartuta igaroko ditugu egunak, eta gure leku kuttuna zein den galdetzen digutenean, ez dugu erantzunik izango.