Hilabete batez elkarri eraso zuzenik egin gabe egon ondoren, AEBek Iran hiru egunez jarraian bonbardatu dute. Gutxienez hemezortzi pertsona hil dituzte erasoetan, eta bonbardaketetako batek ezkontza bat izan du jomuga. Horren ostean, Teheranek Washingtonek Ekialde Hurbilean dituen hainbat base militar jo ditu misilekin eta droneekin.
Asteartetik asteazkenera bitarteko bonbardaketetan hemezortzi lagun hil dituzte AEBek Iranen: horietako lau soldaduak ziren, eta Kermanshah eskualdean –Iran mendebaldean– eginiko eraso batean hil dituzte; bestetik, Kouhestak hirian –hegoaldean– ospatzen ari ziren ezkontza bateko eraikina jo du AEBetako misil batek, eta bost pertsona hil. Hain zuzen, azken eraso hori ikertzeko eskatu dio Irango Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak Nazioarteko Zigor Auzitegiari, gerra krimena izan daitekeelakoan.
Iranek, berriz, AEBen erasoak jasotzen dituenero egin ohi duen moduan, Washingtonek Ekialde Hurbilean dituen base militarrak izan ditu jomuga azken bi egunetan: zehazki, Kuwait, Bahrain, Irak, Jordania eta Arabiar Emirerri Batuak. Azken horretako Defentsa Ministerioak, ordea, adierazi du "gezurra" dela Iranek hango base militarra jo duela, eta gaineratu du herrialdeko aireko defentsa sistemek Iranek jaurtitako drone bat suntsitu dutela. Jordaniak, berriz, esan du Iranen zortzi misil suntsitu dituela.
AEBek eta Iranek euren arteko gatazka 60 egunen buruan bukatzeko bide orri bat sinatu zuten ekainean, Pakistanen eta Qatarren bitartekaritzarekin. Hiru astera, ordea, Washingtonek menia hautsi eta Teheranen aurkako erasoei berrekin zien. Abuztuan zehar, ordea, bi herrialdeek elkarri presio egiten jarraitu bazuten ere, ez zen eraso militarrik gauzatu. Halere, azken egunetako gertakariekin berriro tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean: astelehenean Irango Larak uhartean dauden misilak jaurtitzeko bi plataformei AEBek eginiko erasoa izan zen lehena.
Bultzada bide politikoari eta diplomatikoari
AEBek eginiko bonbardaketek Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran, Kirgizistango Bixkekera hiriburuan, harrapatu dute Masud Pezexkian Irango presidentea. Hamar herrialdek –Pakistanek, Indiak, Txinak, Errusiak, Iranek, Uzbekistanek, Tajikistanek, Bielorrusiak, Kazakhstanek eta Kirgizistanek– osatzen dute erakunde hori, eta ohar bateratu batean Iranen "subiranotasuna eta lurralde osotasuna" babestu dituzte, eta azpimarratu AEBekin duten gatazka bide politikoen eta diplomatikoen bidez soilik konpondu daitekeela.