Euskalgintzaren Kontseilua: “Sentipen gazi-gozoa dugu”

  • Euskal Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko EAJk eta EH Bilduk adostutako akordioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bere ustetan "zalantzazkoa" da lege berriak oldarraldi judizialari aurre egiteko eraginkorra izango den, eta euskarak dituen beharretik "urrun" dago. Aldi berean, positiboki baloratu du legebiltzarrean gehiengo bat egotea "oldarraldi judizialari aurre egiteko borondatez ari dena".


2026ko ekainaren 25ean - 09:47
Azken eguneraketa: 2026-06-26 09:40
Euskalgintzaren Kontseilua
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Gazi-gozoa". Hala baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa Euskal Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko. Ohar bidez adierazi du "zalantzazkoa" dela lege aldaketak euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko baliagarria izango den, eta "urrun" dagoela euskararen normalizaziorako "ezinbestekoa" den arkitektura juridiko berritik. 

Urtebeteren ostean, akordiora iritsi dira EAJ eta EH Bildu. Euskal Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko EAJren proposamena atera da aurrera, koalizio subiranistaren abstentzioarekin. Onartutako proposamenarekin, euskara eskakizunak finkatzeko derrigortasun indizea kendu egingo da eta erakunde publiko bakoitzaren esku geratuko da eskakizuna jartzea. Halere, hitzartu dute EAJren proposamenak "ez balitu helburuak betetzeko egiturazko nahikotasunik", beste proposamen bat landuko luketela, Kataluniako eta Galiziako ereduetan oinarrituta. 

Hain justu, Kontseiluaren arabera, herrialde horietako ereduak dira "bidea" administrazio publikoan hizkuntza eskubideak bermatu eta normalizazioan aurrera egiteko. Hau da, "Enplegu publikoan sarbidea izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea".

Alde positiboak

Kritiko agertzearekin batera, akordioa balioetsi du Kontseiluak: "Akordio honek erakutsi du Eusko Legebiltzarrean badela gehiengo bat –alderdi nagusi biek osatutakoa– oldarraldi judizialari aurre egiteko borondatez ari dena, eta orain arteko inertzia batzuk gainditzeko gai izan dena". Azpimarratu du oldarraldi judizialak "kalte handiak" eragin dituela administrazio publikoan euskara normalizatzeko, eta, beraz, "atzerakadari hesia jartzeko bidea hastea" aintzat hartzekoa dela.

Euskararen aurkako oldarraldi betean, Kontseiluak ezinbestekotzat du "hizkuntza-politikoetan jauzia" ematea, "hori baita hizkuntza minorizatu bat normalizatzeko bidea". Hizkuntza-politikan jauzi hori emateko "ezinbestekoa da zoru juridikoan jauzi bat gertatzea", zehaztu du. Hori dela eta, eskaera "irmoa" egin du: "Akordio hau izan dadila euskarak premiazko duen arkitektura juridikorako lehen urratsa".


Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 8
Berriketa gutxi
Zero

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...