Ixiar Rozasek irabazi du euskarazko literaturako Euskadi saria, Yolanda Arrietak haur literaturakoa eta Kike Ibáñezek ilustrazioetakoa

  • Consonni argitaletxeak argitaratutako Narrugorrik eleberriarentzat jaso du saria Ixiar Rozasek; Denonartean argitaletxearekin plazaraturiko Zurtz liburuarentzat Yolanda Arrietak eta El diablo sobre ruedas liburuko ilustrazioentzat Kike Ibáñezek. Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera, Gaztelaniazko Literatura eta Gaztelaniazko Saiakera sailentzako sariak urriaren 21ean jakinaraziko dituzte.


2026ko urriaren 15 - 11:22
Euskadi Literatura Sariak Ixiar Rozasek, Yolanda Arrietak eta Kike Ibañezek jasoko dituzte. Euskal Idazleen Elkartea
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ixiar Rozasek jaso du 2026ko Euskarazko Literatura Saria, Consonni argitaletxeak argitaratutako Narrugorrik eleberriarentzat. Idazlearen "literatur esplorazio lana" goraipatu dute epaimahaikideek, "hizkuntzaren bidez adierazteko modu berriak bilatu" izana eta "literatura-generoen arteko mugimenduak" nabarmendurik: "Lanak hitzen biluztasuna eta hortik sortzen den indar poetikoa ditu ardatz, gorputzaren eta naturaren arteko zentzumen-esperientziak proposatzen dituzten hizkuntza-jokoen bidez".

25 urte baramazki Rozasek literatura plazaratzen. Narratiba, poesia, arte eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu, hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu direnak. Narrugorrik liburua esku artean, Berria-ko Itziar Ugarte kazetariak elkarrizketa egin zion apirilean, eta hain justu, hitzen pisuaz eta mugez eta horiek dakarten aukeraketez ari zirela ondokoa adierazi zion Rozasek: "Hitzaren esanahiarekin soilik lan egitea muga bat da niretzat, baina horrek ez du esan nahi hitz jolasa bilatzen dudanik. Hitzaren esanahia, hitzaren soinua, hitzak kanporantz eraiki dezakeena eta kontrolatu ezin dezakezuna, hitzak eratzen dituen irudiak, egiten dituen keinuak... horren guztiaren eta esan nahi nuenaren arteko etengabeko negoziazioa izan da liburua, elementu horien guztien arteko lankidetza moduko bat".

Haur eta Gazte Literaturaren saria irabazi du Yolanda Arrietak, Zurtz liburuagatik (Denonartean). "Umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea, bere adiera literaletik harago doana", azpimarratu dute epaimahaikideek: "Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak. Bakardadea, galera eta beste pertsona batzuengan aurki daitezkeen loturak ere lantzen ditu, sentimentalismoan erori gabe".

Yolanda Arrieta idazlea da, eta literatura sari andana irabazitakoa. Begigorritarren erlojua ipuinarekin hasi zen haurrentzat idazten 1992an eta orduz geroztik literaturan dabil, haur eta gazte literaturan, baita helduen literaturan ere.

Literatura Lanaren Ilustrazioaren sailean Kike Ibáñez saritu dute, Abuenpaso argitaletxeak argitaratutako El diablo sobre ruedas lanagatik. Ilustrazioek "estilo fresko, ausart eta berritzailea uztartu" izana, eta "aparteko kalitate artistiko eta narratiboa" erakutsi izana azpimarratu dute saria banatzerakoan.

Gainontzeko finalistak

Finalista izan diren beste lanen berri ere eman dute aurten, iazko "uztako lanen balioa azaltzeko" eta "gizarteari lan interesgarriak ezagutzera emateko". Ilustraziorik onenaren saria irabazteko bidean finalista izan dira Rocio Araia, Maite Gurrutxaga, Idoia Beratarbide, Maider Leturiaga, Ane Arzelus, Javier Isusi, Ivan Mata Tamayo eta Jokin Mitxelena egileen lanak.

Bederatzi lan hauek datoz euskarazko literatur lanik onenen finalisten zerrendan: Karlos Linazasororen Bazter utzietan (Elkar), Bernardo Atxagaren Enarak (Pamiela), Katixa Agirreren Barne zerbitzuak (Elkar), Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa (Susa), Amaiur Epherren Haize beltza (Txalaparta), Danele Sarriugarteren beste zerbait (Consonni), Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen (Susa), Harkaitz Canoren Silueta (Susa) eta Julen Belamunoren Iragan atergabea (Elkar).

Haur eta gazte literaturaren arloari dagokionez, horiek izan dira aurtengo bederatzi finalistak: Pello Añorgaren Kapa-Ipi-Xopo, igeltxo (Txalaparta), Txabi Arnal Gil eta Edu Zelaietaren Alepoko zazpi pediatrak (Elkar), Xabier eta Martin Etxebarria anaien Medium (Elkar), Junkal Lertxundiren Eraman nazazu zurekin (1545), Alaine Agirreren Euri eta ateri (Elkar), Olatz Mitxelenaren Su txikian (1545), Maixa Zugastiren Zozabarrak (Erein), Amaia Telleriaren Aurpegiak (Alberdania)  eta Maite Gurrutxagaren Tapakia (Erein).

Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera, Gaztelaniazko Literatura eta Gaztelaniazko Saiakera sailentzako sariak urriaren 21ean jakinaraziko dituzte.

 


Euskal literatura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.