Itzuli gara Gerra Hotzeko errutinara: esaiozu misilez, uler dezan

  • Kontatu –ezta iradoki ere– ez digutenez, imajinatu egin beharko dugu. Gertatu, halatsu gertatuko zelako, gutxi gora behera.

Aurrez aurre elkartu ditu Hawaiin 2024ko Indo-Pazifikoko Defentsa-buruen Konferentziak, Samuel Paparo almirantea, AEBen Indo-Pazifikoko indarren buru gorena, eta Wu Yanan jenerala, Txinako Armadaren Hegoaldeko Teatroko agintari nagusia.

2024ko urriaren 01ean - 10:42
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Irailak 20, Kona, Hawaiin. Aspaldiko partez, aurrez aurre elkartu ditu 2024ko Indo-Pazifikoko Defentsa-buruen Konferentziak, alde batetik, harrera-egile, Samuel Paparo almirantea, AEBen Indo-Pazifikoko indarren buru gorena; eta bestetik, bisitari, Wu Yanan jenerala, Txinako Armadaren Hegoaldeko Teatroko agintari nagusia. Ez dira, ez horixe, adiskideak; ezagunak, apenas: hamar egun lehenago hitz egin zuten lehen aldiz bideokonferentziaz. Hori bai, zuzen eta gizalegez aritu omen ziren orduan ere.

Agian gizalege horregatik, Konako hitz-aspertuen etenaldiren batean, jakinaraziko zion Wuk Paparori: “Ahaztu gabe esan behar nizun datozen egun hauetan probatxoren bat egin behar dugula, hor, Pazifiko hegoalderantz; esaiozu zure jendeari lasai egoteko, ez dela ezer, errutinazko zera bat da”. Abisatu ez balio, are larriagoa izango litzatekeelako guztia. Konfiantza garesti dago halakoetan.

Irailaren 25ean, egun-argiz, ICBM bat, kontinentearteko misil bat, buru nuklearrik gabea, noski, jaurtiki zuen Txinak Itsaso Barearen erdialdera. “Urteroko errutinazko prestakuntza militarra” zela zioen Pekingo bozeramaileak berehala. Luzeak dira urteak Txinan, agidanez: 1980ko udaberrian egin zuen aurrekoa. Duela 44 urte.

Proba aurreikusita zegoen bezalaxe burutu zela jakinarazi zenez, eta aurretiaz emandako NOTAMek iradokitzen dutenez, haren burua, ordu erdi pasako hegaldiaren ondoren, Markesa uharteen ipar-mendebaldean itsasoratuko zen. 12.000 kilometrora. Gaizki-pentsaturen batek berehala ondorioztatuko zuen distantzia horixe bera litzatekeela jaurtiki-lekua (Wu jeneralaren manupean dagoena, kasualitatez) eta Kalifornia artekoa, esate baterako.

2019ko desfile erraldoian lehenik eta behin bakarrik ikusi ahal izan zen DF-41 misilaren juzgu egin genuen begiluzeok segituan. Baina berehala etorri zen mezuaren igorlea zuzentzera: DF-31AG misila, are zaharragoa, zen erabilitakoa. Mezuaren hartzaileak kontuak oker atera ez ditzan edo. DF-41a beste baterako geratzen da, nonbait.

Kontinentearteko misil mezularien sasoira itzuli gara, beraz, Gerra Hotzaren unerik “onenetan” geundenean bezalatsu. Sentinel proiektuaren gorabeherekin hasi genuen urtea; haren inguruko zalantzak gibeleratzeko edo, Kaliforniatik Kwajalein atoloira LGM-30 Minuteman bat jaurtikitzea komeni zela ebatzi zuen norbaitek ekainean. Eta Errusiak bere Sarmat egitasmoarekin jarraitzen du, hutsegiteak hutsegite. Eta Txinak “errutina” berreskuratu du.

Ez dakiguna da alde bakoitzak bestearen mezuak zuzen ulertzen ote dituen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra
Israelgo Defentsa ministroa kargugabetu du Netanyahuk, gerra kudeaketan dituzten “desadostasunengatik”

Israel Katz da Defentsa ministro berria, orain arte Atzerri ministro izandakoa. Erabakiak israeldarren kexua eragin du eta milaka dira karriketara atera. Israelgo Gobernuko oposizioko ordezkariek prentsaurreko bateratua eskainiko dute azaroaren 6 honetan. Bizkitartean, Israelen... [+]


2024-10-24 | Joseba Alvarez
Betaurrekoak alda ditzagun

“Proposamen ausart, integral eta prestuen tenorea etorri zaigu (…) Euskal Herria munduko altxamenduen artean sar dadin berriro”, bota zuen Hartzea Lopez Arana adiskideak ARGIA aldizkarian 2018ko uztailean argitaratu zuen “Oldartze eraginkor baten... [+]


Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


Teknologia
Zoritxarrak

Domeka euritsu honetan, arduraz bizi dugu munduan dauden gatazka askotarikoak direla ezinegonean bizi diren pertsonen zoria. Urrunetik, badirudi boterera jokatzen duen hainbat agintariren eskuetatik ezin garela askatu. Beti bere burua babestu behar duen susmoarekin bizi da... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


2024-08-28 | ARGIA
Zisjordaniaren kontrako eraso militar handi bat hasi du Israelek eta “ebakuatzeko” eskatu die hango herritarrei

Bigarren Intifadaz geroztik ikusi gabeko eraso "antiterroristari" ekin dio Israelek Zisjordanian. Jenin, Tulkarm eta Tubas hiriak izan ditu jomuga drone, helikoptero eta batailoi militarren bidez, eta gutxienez bederatzi lagun hil ditu jadanik. Hainbat iturriren... [+]


2024-08-26 | Behe Banda
Barra Warroak |
Atzean geratu dira albistegiak

Haurra nintzenean, etxean ohitura zen arratsaldeko zortzietan egiten ari ginen hori albo batera utzi, telebista piztu eta ETB1eko albistegia ikustea. Hasieran sekulako amorrazioa sentitzen nuen gaueroko kate aldaketa bidegabe horien aurrean, eta gurasoei galdetzen nien ea nola... [+]


NATOk armak oparituko dizkio bere buruari, eta klima kutsadura denori

Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]


Normandiako beste lehorreratzea

1415eko udazkenean Agrincourteko gudua lehertu zen Ingalaterra eta Frantziaren artean, Ehun Urteko Gerraren gudu erabakiorrenetakoa. Horretarako, Henrike V.a Ingalaterrako errege eta Irlandako jaunak uda horretan bere ejertzitoa Frantziara bidaltzea erabaki zuenean, soldaduak... [+]


Gerraz

Si vis pacem, para bellum” kantatzen genuen laurogeiko hamarkadan orduko gazte euskaldunok. Bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako, oihukatzen genuen latinez, ulertu barik oso ondo esaldiaren esanahia.

Sasoi hartan, euskal gatazka gori-gori zegoen, eta munduak... [+]


Genozidio ahaztuak

Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]


2024-04-24 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


Eguneraketa berriak daude