Itziar auzo udal bihurtuko da

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean onartu du Itziar auzo Udal bihurtzea. Egindako bi galdeketetan auzo udalaren aldeko jarrera nabarmendu da.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur
2015eko urtarrilaren 30a
Denon Herria plataformaren agerraldia, Itziarko frontoian. (Argazkia: Denon Herria)

Prozesu luze baten ostean, azkenik, Itziar auzo udal bihurtuko da, nahiz eta, bost urte beharko dituzten auzo udalari dagozkion eskumen guztiak lortzeko.

Hurrengo hauteskundeak iritsi arte Batzorde kudeatzaile baten esku geratuko da auzo udala.

Hemendik aurrera Itziarrek pertsonalitate juridikoa izango du, eta Itziarko kaskoa, Arbiskoa, Arriola, Egia, Elorriaga, Endoia, Itxaspe, Lastur Behea, Lastur Goia eta Mardari auzoen gaineko eskumenak izango ditu.

48 kilometro karratuk osatuko dute auzo udalaren lur eremua.

Udalaren onarpena

2014ko uztailean onartu zuen Debako Udalak, Alternatiba agintean zelarik, Itziar Auzo Udal bihurtzeko proposamena.

Orain Gipuzkoako Aldundiaren onarpenarekin, hiru zatitan banatutako prozesua abiatuko dute.

Pixkanaka joango dira eskumenak hartzen, eta eskumen horien arabera Debako Udalak diru kopuru bat emango dio.

Auzo udalak, alkatea eta bost herritarrez osatutako batzordea izango ditu.

Herritarren nahia

Auzo udalaren inguruko bi galdeketa egin dituzte Itziarko kaskoan eta auzoetan.

Lehenengo galdeketa Maiatzaren 25ean egin zuten Europako hauteskundeak baliatuz. Galdeketa hori Denon Herria auzo udalaren aldeko plataformak antolatu zuen, eta beraz, ez zen loteslea izan. Hala ere, emaitza garbia izan zen: bozen %94,7 auzo udalaren alde.

Azaroaren 30ean egin zuten bigarren galdeketa, oraingoan Debako Udalak galdetu zuen. Erantzunak, maiatzeko ondorio bera bistaratu zuen: bozen %96 auzo udalaren alde.

Aspaldiko aldarria

Hamarkadetan desanexioaren aldarria nagusitu zen Itziarko herritarren artean. Herria Sortzen plataforma sortu zuten horretarako. Baina eztabaida urte luzez ez atzera ez aurrera geratu zela ikusirik, auzo udalaren bideari heldu zioten.

Denon Herria plataforma sortu zuten auzo udalaren alde lan egiteko, hainbat pertsona ezagunen babesarekin eta elkarte horrek bideratu du geroztik Itziarren erabakitzeko nahia.

Informazio gehiago:

Itziarkoa bezalako kasu gehiago badira Euskal Herrian. Horiei buruzko erreportajea landu zuen Unai Break ARGIAren 2.438. zenbakian: "Erabakitzeko eskubidea udal mailakoa ere bada".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Erabakitzeko eskubidea  |  Deba

Erabakitzeko eskubidea kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude