Iruñeko Udalak argitara emandako galdeketaren emaitzen arabera, Itzaletik argira proiektuak 6,1eko nota jaso du batez beste; Harriak hitz proiektuak, berriz, 4,2koa. 247 iruindarrek bete dute ekainean aurkeztutako galdetegia. Udalak dio "aukera eraldatzaile bat" defendatzen dutela herritar gehienek.
Iruñeko Udalak adierazi du Itzaletik argira proiektuak babes "nabarmen zabalagoa" jaso duela Harriak hitz egitasmoarekin alderatuta. Prozesu parte hartzailean izateko beste hemeretzi egitasmo gainditu zituzten bi proposamenek, nazioarteko lehiaketan puntuazio gorena eskuratu ostean: biek Erorien Monumentua eraikinaren egitura nagusia mantentzearen alde egiten badute ere, zenbait aldaketa egitea proposatzen dute.
Galdeketan garaile irten den proposamenak, esate baterako, kristalezko espazio argitsu berriak txertatu nahi ditu eraikinean, alboko kalostrapeak kendu, eta kupularen oinarrian kristalezko begiratoki bat eraiki.OM ARQ SLP, Voilà! estudioak eta Tesela SL taldeak osatu dute proiektua, eta Iruñeko Udalaren aburuz "aukera eraildatzaile bat" ordezkatzen du.
Galdeketan bigarren geratu den proposamenak, berriz, "ikuspegi kontserbadore baten" jarraikortasuna nahi du udalaren esanetan, aldaketa "mugatuekin".
Bi proiektu horiez gain, udalak azaldu du eraikinaren etorkizunaren inguruko bi ikuspegi gehiago daudela, bakoitza mutur banatan: batetik, eraikina eraberritzeari uko egin eta bere hartan uztea defendatzen dutenak; eta, bestetik, hura eraistearen alde daudenak –eragile memorialistak, besteak beste–.
Prozesuaren hurrengo pausoak
Nazioarteko lehiaketan jasotako puntuazioa eta herritarren galdeketan eskuratutako babesa kontuan hartuta, proposamenak egokituko dituzte orain obra proiektua idazteko bideari ekiteko. Obraren azken proiektuaren idazketa 2027ko urtarrilean hastea aurreikusten du udalak, eta 474.320 euroko aurrekontua izango du.