argia.eus
INPRIMATU
Itxialdian haurren ongizatea neurtzen duen tresna bat garatu du EHUko ikertzaile talde batek
  • Ikerketaren arabera EAEko haurrek ongizate maila "ertaina" izan dute itxialdi honetan, neskek mutilek baino hobeto igaro dute eta 12-14 urteko gazteek baino hobeto pasa dute adin txikienekoek.

2020ko urriaren 13a

Bilboko Hezkuntza Fakultateko talde batek berrogeialdian zehar haurren ongizatea neurtzeko tresna bat garatu eta erabili du. Nahia Idoiaga, Naiara Berastegi, Mari Dosil, Amaia Eiguren, Naiara Ozamiz eta Maira Picaza izan dira EHUko ikerketaren arduradunak. Eta urriaren 12 honetan aurkeztu zituzte ikerketaren datuak:

Ikerketaren ondorio nagusiena haurren ongizatea "ertaina" izan dela. Errutinarekin lotutako alderdiek izan dute emaitza onenak. Bestetik, jarduera fisikoa, sormenezkoak eta ludikoak izan dira alderdi kaltetuenak. Emozioei dagokionez, akademikoan edo menpekotasunean ongizate maila ertaina izan da.

Horrez gain, neskek egoerara moldatzeko gaitasun handiagoa izan dute mutilek baino, honenbestez, emozio positiboagoak pairatu dituzte. "Gure azterlaneko neskek jarduera fisiko gehiago egin dute eta sormenezko jardueretan nahiz ludikoetan parte hartu dute. Horrek erakusten du konfinamendura egokitzeko gaitasun handiagoa eduki dutela, orokorrean", aitortu du Idoiagak, Naiz.eus komunikabidean irakurri daitekeenez.

Azterketa martxorik apirila bitartean egin zen. EAEko 1.064 haur izan ziren aztergai (%48,7 mutilak ziren, %51,3, berriz, neskak). Inkestak haien gurasoek erantzunak izan ziren. "Konfinamendu egoeran haurren ongizatea modu holistikoan neurtzeko tresna egokia da hau eta, etorkizunean berriro berdin bagaude, txikienek horren kalteak sufritu baino lehen, aurrea hartzen eta irtenbideak proposatzen lagundu diezaguke" Berastegik azaldu duenez.

Ikertzaileek eskerrak eman dizkiete azterketa egiteko beharrezkoak izan diren familiiei.