argia.eus
INPRIMATU
Euskararen aurkako “oldarraldiaren” aurrean itun “sendo” baten beharra aldarrikatu du Kontseiluak
  • Epaileak "hizkuntza politika" egiten ari direla eta herritarren "eskubideak urratzen" dituztela salatu du Kontseiluak. Milaka langileri euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea "galarazten" dietela adierazi du. Gertaeraren larritasuna azpimarratu eta egoerari erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko protokolo bat lantzen ari da elkartea.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 27a
Gertatzen ari dena "larria" dela diote Esukalgintzaren KOntseiluko taldeek. Argazkia: Bai Euskarari.

Itun politiko eta sozial sendo baten beharra aldarrikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren inguruan "kezka" bizi dutela esan dute Kontseilua osatzen duten taldeek.

Batetik, epaileak "hizkuntza politika" egiten ari direla salatu du elkarteak: "Ez dezagun ahaztu plazaratu berri den VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEn lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazio publikoan; hau da, epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak direla".

Bestetik, epaien ondorioz herritarren eskubideak "urratzen" direla, eta herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean eta administrazioarekiko harremanean euskara ukatzen dela salatu du: "Ukatze horrek eragin handia dauka milaka herritarren eguneroko bizimoduko arlo askotan, bizipena bera nabarmenki okertuz". Era berean, milaka langileri euskaraz lan egiteko aukera eta eskubidea "galarazten" dietela adierazi du.

Gertatzen ari dena "larria" dela diote, eta egoera horren aurrean erantzuteko eskaria jaso dute jendartetik. Protokolo bat lantzen ari dira erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko: "Oldarraldi honi erantzuteko biderik egoki eta eraginkorrena adostasun sozial eta politikoetan sakontzea dela argi du Kontseiluak". Bide horretan, eragile sozial eta politikoekin elkarrizketak egiten hasiko dela adierazi du elkarteak.