Itsasun, Txomin Olhagarai IKko kide zena omentzen duen mural berri bat ezabatzeko agindu du prefetak

  • Sanoki gelan inauguratu zuten igandean hainbat irudiren artean Txomin Olhagarai IKko militante itsasuarraren bisaia duen irudia. Prefet berriak ezabatzeko eskatu dio auzapezari, eta epaitegiei jakinarazi.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko abuztuaren 27an - 10:11
Azken eguneraketa: 16:51
Euskal Irratiak
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Igandean inauguratu zuten, Itsasuko besten karietara, Sanoki gelako kanpoaldean hainbat irudik osatzen duten mural bat, "Lur huntan landatu dugu hitza, herri libre baten promesa" leloarekin. Muralaren zati batek alta, ezinegona sortu du Paueko prefeturan: Txomin Olhagarairen bisaia ageri da erdian, 1980ko martxoan Baionan hil zen gazte itsasuarra, Ramuntxo Arruizekin batera lehergailu bat maneiatzen ari zela. Iparretarrak erakundeko kideak ziren biak, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak oroitarazi duenez, orduko Baionako suprefetaren emaztearen autoan bonba bat eman nahian zebiltzan, "hiltzeko asmo argia zuen huts egindako atentatua".

Simon Fetet prefet berriak ez du begi onez ikusten horma-irudia, eta eraikin publiko baten kanpoaldean den heinean, berehala ezabatzeko galdegin dio Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezari, eraikin publikoek duten neutraltasun beharra aipatuz. Azken honek baieztatu digu ez zuela oraindik agindurik errezibitu. Bertzalde, epaileei ere jakinarazi die prefetak muralaren edukia, honek Olhagarai eta Arruiz prestatzen ari ziren atentatua ospatzen duelakoan, eta hartaz, delitu penal bat izan daitekeelakoan.

Memoria eta kontakizunaren bataila

Prefetaren hitzak irakurri ondotik, nahi izan diogu historialari bati bere iritzia galdegin. Eneko Bidegain kazetariak 2007an plazaratu zuen Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia izeneko liburua. Orroitarazi digu 70 eta 80 hamarkadetako testuinguru berezi hori: frankismoaren eta post-frankismoaren eraginak, Frantziako errepublikaren jarrera zapaltzailea, gazte mugimendu berri batzuen sorrera eta Iparretarrak taldearen formatzea.

1980ko gertakariaz ere xehetasunak eman dizkigu: IK-k pentsatu zuen Baionako suprefetura bonba baten leherraraztea, eta horretarako Baionako suprefetaren emaztearen autoan nahi izan zuen dinamita zuen errota bat jarri, tenporizadore baten bidez autoa leherrarazteko gauean. Suprefetaren emaztea Baionako ospitalean lanean ari zen bitartean, Txomin Olhagaray eta Ramuntxo Arruiz entseatu ziren errota aldatzen eta hor zen gertatu istripua.

Eneko Bidegainek azpimarratu digu zonbait inportantea zen transmisio lanaren egitea gure lurraldean, eta belaunaldi guziek jakin dezaten zer izan den gure iragana. Argi du gatazkak diren aldi guziz, kontakizun desberdinak direla bi aldeen partetik. Bere ustez hemen prefetak nahi duena da “ez beste zerbait kontatu, baizik eta deus ez dadila konta gai honi buruz”.


Itsasu kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...