Itsasoan arrain handiak txikia jaten duen moduan, akuakulturan ere ereduen arteko talka

  • Mundua elikatzeko behar den baino janari gehiago ekoizten dugu, baina goseak jarraitzen du. Goseak elikagai ekoizpenarekin harremanik ez duelako gertatzen da hori. Gosea pobreziak eta desberdintasunek eragiten dute, elikagaien banaketa injustua eta eskuragarritasun falta dira arazoa eta ez elikagai eskasia. Ondorioz, gosea desagerrarazteak eskaintza handitzea baino elikadura zuzentzen duten sistemak erreformatzea eskatzen du.

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zenbat astakeria egiten diren elikadura segurtasunaren izenean, edo aitzakiapean. Gurean pil-pilean dabiltzan akuakultura negozio erraldoiak ere hor sartuko genituzke. Getariako (Gipuzkoa) Itsasbalfegó proiektuak, zimarroiak ekoizteko proba pilotu izatetik, 50 urterako ustiapen-baimena eskatu berri du. Itsasoko makro-etxalde honek hazten dituen hegalaburrak, baimen berezi baten bidez, inguraketa-arrantzaren bidez gure kostatik hurbil arrantzatuak dira, gero kaioletan hazteko. Zortedunak haiek, irailaren hasieran 30 urtez debekatuta egon den inguraketa arrantza metodoa baimentzeko araudi aldaketa iragarri baitu Eusko Jaurlaritzak.

Hor dago, baita ere, sekretismo handiarekin abiatu duten Lemoizko (Bizkaia) haztegiaren proiektua. Pradalesek aipatu zuen mihi-arrainen haztegiko ekoizpena “elikagaien segurtasuna eta esportazioa bermatzeko asmoarekin” jaio dela. Uribe Kostako hainbat udalerrik zentral nuklearraren etorkizuna erabakitzeko askotariko entzute prozesu kolektibo eta integrala egitera dei egin dutenean, Eusko Jaurlaritzak muzin egin die.

Gutxi batzuentzako etekin ekonomikoa lehenesten ari den eredu bat da, epe motzeko begirada daukana. Itsasoko makro-etxalde hauek jarraitzen duten eredu intentsiboak inpaktu larriak ditu ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Lurreko ekoizpen eredu intentsiboek dituzten bezalaxe.

Itsasfalbegó proiektu pilotuan 80 zimarroi hazi dituzte. Orain, beraien ekoizpena handitu nahi dute, hazkuntza industrialera jauzi eginez, 1.500 hegalabur inguruko bolumena edukitzera helduta. 80 zimarroik egunean ehunka kilo arrain urdin jaten omen dute.

Hiruko erregela aplikatu! Hemen bi kontraesan: bat, gure kostatik datorren arrain urdinarekin elikatu nahi badituzte (berdela, txitxarroa…), herritarren ohiko kontsumora bideratua izan beharko lukeena, kaiola horietan dauden arrainen “bazkarako” erabiliko da. Eta bi, horrelako makro-arrain-haztegiek beste herrialde batzuetan bildutako arrainak erabiltzen omen dituzte (Afrika eta Hegoamerikatik eratorriak), eta akuakulturako intsumoen ekoizpenak inpaktu sozial eta ekologiko larriak eragiten ditu herri horietan.

Biodibertsitatearen galera eta habitaten suntsipena ere gertatzen dira makro-haztegi hauek sortutako kutsaduraren ondorioz. Arrainak dentsitate handian pilatuta daudenez, erraza da gaixotasunak elkarri kutsatzea; osagai kimikoak erabiltzeko joera omen dago, eta horrek uretako baldintza biokimikoetan eragina du; eta, finean, giza osasunean du inpaktua. Neurri industrialetan aritzeak ere azpiegitura gehiago eta handiagoak eskatzen ditu (makinaria, errepideak…), eta landa eremua suntsitzeko arriskua handitzen da. Haztegi hauek esportaziora begira daude. Japonian jango dituzte zimarroiak eta mihi-arrainak, eta guk jango ditugu haien ekoizpenak ingurumenean eragindako inpaktuak.

Mutrikuko (Gipuzkoa) Akuakultura Eskolan kontatu digutenez, bada beste modu bat (nekazaritzan bezala) akuakultura artisaua edo dimentsio txikikoa garatzeko, itsasoaren eta lurraren errespetua oinarri duena. Akuakulturak ere zigilu ekologikoa izan dezake. Ekoizpen metodo jasangarriak erabilita, dimentsioak eta arrain dentsitateak zainduta, intsumoen jatorria eta kalitatea aintzat hartuta… Tokiko ekonomiak hauspotzeko eta tokiko elikaduran eragiteko balio duen arrain haztegi jasangarriak garatzeko aukerak badaude. “Arrain abeltzaintza” hau elikadura burujabetzaren estrategian txertatu beharko dugu, agortzen ari den itsasoari arnasa emango badio.


Arrantza kanalean gehiago
2024ko abenduaren 11
Euskal Herriko lehen itsas zabaleko haztegia
Etorkizuneko arrantza kaiola batean

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.