Itsas azpiko araztegia

  • Iloba txikiak marrazki bizidunak ikusten zituen bitartean bota nion galdera: zer egiten du Emmental zulodun gazta horrek itsas bizidunez inguratuta? “Ze gazta izeba, hau Bob belakia da!”. Hara, dutxan nahiz sukaldean baxera garbitzeko erabiltzen dugun esponja, baina “benetakoa”, biziduna. Ura xurgatzeko gaitasun paregabea duena.

Benetako belakiaren argazkia: Noeleen du Toit / cc a sa 4.0

2026ko maiatzaren 4an - 06:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
KUXIN GORRIA  (Hymeniacidon perlevis)

TALDEA: Ornogabea / Belakia / Porifera.
NEURRIA: 15 cm-ko diametroa 2-5 cm-ko lodiera.
NON BIZI DA? Harri gainetan. Lehortzea jasan dezake, beraz, marearteko eremuan bizi daiteke, haitzen barrunbeetan, arrakaletan edo irtenguneetan. 
ZER JATEN DU? Poroetatik iragazitako uretan dauden nanopartikulak, bakterioak eta planktona.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Gure kostaldeko belaki ohikoena da, Donostiako Zinemaldiak Zurriola pasealekuan jartzen duen alfonbra gorria bailitzan, Kantauri itsasotik Urumearen bokalean barrena izarren oinetaraino heltzen den kuxin gorria. Itsasoan bizia sortu zen garaitik, bertan egon dena. Izan ere, kostaldeko harkaitzetan, flisch-eko ur putzuetan nahiz itsas-hondoan alfonbra gorri leun modura topatu daiteke. Gainazal irregularra du eta papila gorrizta zutitu gardenez josia. Kasu batzuetan forma biribilduak hartzen ditu.

Hain primitiboak izaki, belakiak anatomiaz oso simpleak dira, ez baitute benetako organorik, ezta ehunik ere. Garai batean landaretzat hartu ziren, Aristotelesek odolik gabeko animalia izendatu zituen arte. "Porifero” modura ere ezagunak dira, dituzten poro anitzei erreferentzia eginaz. Poro horiek guztiak barnetik komunikatzen dituen barrunbeari “atrio” deritzo. Harkaitzetara ondo atxikita bizi dira –ahaztu, beraz, Boben hankak–, eta ura poroetatik etengabe xurgatuz, bertan topatzen dituzten bakterio, mikroorganismo eta materia organikoz elikatzen dira. Iragazitako ur garbia, ausaz kokatutako “oskulo” deituriko zuloetatik (2 mm diametrokoak) kanporatzen dute. Hala, belakiak, haien poro eta kanalen sistemari esker, benetako “araztegi naturalak” dira, eta uraren kalitatea mantentzen eta mantenugaiak birziklatzen laguntzen dute. Horrez gain, bestelako mikroorganismo eta ornogabe txikien babesleku eta habitat ere badira.

Belakiek duten arkitektura txundigarria da benetan. Nola lortzen dituzte, duten forma eta malgutasuna? Esponja bat eskutan nahi beste estututa ere, askatutakoan berehala bere ohiko formara itzuliko da. Arkitektura primitibo bezain eraginkorra da. Gakoa, poriferoen eskeletoa osatzen duten estruktura xume batzuetan topatuko dugu: “Estiloak”, zutabe moduan jarduten duten orratzak dira, batzuetan zuzenak, besteetan, aldiz, kurbatuak. Estiloz osatutako eskeletoa dute belakiek, baita kuxin gorriak ere, eta ukitzean, gainazal sendo baina harroa antzeman daiteke.

Munduko hainbat lekutan ohitura handiagoa dago belaki naturalak erabiltzeko. Baina pentsa traineruak urez hustutzeko erabili ohi ditugun esponja sintetiko guztiak ordezkatu beharko bagenitu; ez genuke itsas-hondoan halako alfonbrarik izango. Bestalde, esponja sintetikoak itsasoan “galduz” gero, milioika zati txikitan desegingo lirateke, mikroplastiko bilakatuta, eta arrain askok bazkatzat irensteko arriskua legoke. Orekarik ezean, hobe belaki naturalak bere lekuan uztea; eta hobe izaki primitibo modura duen balioa lehenestea. Horren truke, ura etengabe iragaziko dute, eta, bide batez, haren kalitatea zein neurritan den ona adieraziko digute. Urpekariek badakite, alfonbra gorria ez dela soilik Donostiako Zinemaldian ikusten.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.