Itaiak norabide politikoa berretsi du I. biltzarrean

  • Itaia Emakumeen antolakunde sozialistak “indarkeria matxistaren kontra, zapalkuntza ekonomikoaren aurka eta emakume langileen eskubideen alde borrokatzeko” konpromisoa adierazi du kongresu amaierako ekitaldian. Martxoaren 8rako deia egin du, emakume langileen alde mobilizatzera.

Itaiaren lehen kongresua Andoainen egin da, otsailaren 7an. Itaia

2026ko otsailaren 9an - 16:39
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ehunka emakume bildu dira Andoaingo Bastero kulturgunean, otsailaren 7an. Itaiaren lehenengo kongresua izan da, eta antolatzaileek prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez, bost urteko ibilbidean landutako norabidea berretsi dute.

Emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bide-orri politikoa garatzen ari direla ohartarazi dute eta gako batzuk lantzeko konpromisoa hartu dute. Hauek dira jorratuko dituzten gako horietako batzuk: “Indarkeria matxista ezabatzea, guztiontzako kalitatezko lan baldintzak, zaintza lanen sozializazioa, emakume langileon gorputzen salerosketa amaitzea eta kalitatezko abortua, doakoa eta unibertsala lortzea”. Emakumeen antolakunde sozialistaren aburuz, “urgentziazkoa” da emakume langileen interesak erdigunean jarriko dituen proposamen politiko bat egitea, eta era berean, eguneroko zapalkuntzei aurre egiteko borrokak martxan jarri behar direla defendatu dute.

Biltzarrean antolakundearen norabide politikoa berretsi dute. Itaiaren ustez, sozialismoak “marko kapitalistetatik eta programa erreformistetatik harago, alternatiba politiko bat” proposatzen du. Gizarte horretan, emakumeek ez lukete “zapalkuntza sozialik eta kulturalik” jasango eta “denentzako kalitatezko bitartekoak eta zerbitzuak” bermatuko lirateke. Bide horretan, bi erronka dituztela adierazi dute. Batetik, emakume langileen fronte iraultzaile bat berrosatu nahi dute, “ahalik eta emakume langile gehien antolakuntzara batzeko eta gure problematika zentroan jartzeko”. Bestetik, “ideia erreakzionarioen eta faxisten aurkako borrokan, emakumeok lehen lerroko agente politiko izatea".

M8rako deia

Martxoaren 8an Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean kalera ateratzeko deia egin du Itaiak. Kritikatu dute Emakume Langileen Nazioarteko Eguna erakunde eta enpresen eskutik “protokolo-egun” bihurtu izana, baita “kontsentsua bilatzeko” egun ere. Antolakundearen ustez, erantzuleak jomugan jartzeko eguna da: “Gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak, garaikur edo objektu gisa tratatzen gaituztenak zein gure aldarrikapenak edukiz husten dituztenak seinalatzeko eguna da”.


Itaia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.