7.000 euroko isunak jaso dituzte Subflubiala ez plataformako 11 kidek, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian egindako bi protestarengatik; desordena publikoa eta jendearen segurtasuna arrisku larrian jartzea leporatu diete. ARGIAk plataformarekin hitz egin du, eta bertako kide Hodei Rodriguezek ukatu egin ditu akusazioak; dio plataformaren jarduna eteteko estrategia darabilela aldundiak.
Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinean egindako ekintzagatik isunak heldu zaizkizue. Zer leporatzen dizue?
Bi ekintzagatik bidali dizkigute isunak, guztira 11. Zazpi dira eraikin barrura sartu eta pertsona bat kateatzeagatik, iazko urrian; eta beste laurak dira eraikin kanpoan iazko uztailaren 23an egin genuen protestarengatik. Guztira, 7.000 euroko isunak. Bi isun motak Mozal legeari lotuta daude, baina artikulu ezberdinei egiten diete erreferentzia; lehenean, eraikin barrukoa, desordena publikoa egozten digute, jendearen segurtasuna arrisku larrian ipintzea; eta kanpokoan desobedientzia egozten digute, diote kordoi poliziala igaro genuela. Baina bi ekintzetako bideoetan ikusten da hori ez dela horrela.
Eta isun horiek zer suposatzen dizue?
Momentu honetan urtebete inguru daramagu diputazioaren aurkako prozesu judizial batean subflubialaren proiektua bertan behera uztea eskatzeko, oso prozesu garestia dena. Ikusten dugu diputazioaren estrategia bat dela gu ekonomikoki itotzeko. Argi dago hainbat irregulartasun egin dituztela prozesuan zehar, badakite judizialki posible dela prozesua gelditzea, eta horregatik, nahi dutena da gu ekonomikoki itotzea ez dezagun izan aukerarik epaiketa horrekin jarraitzeko. Eta beste alde batetik, badakite isun horiek gure jardun politikoan eragina izango dutela, helburua da gu isilaraztea. Badakite gero eta jende gehiago dagoela proiektuaren aurka, gero eta jende gutxiagok sinesten dituela euren argudio faltsuak; horregatik, aurkitu duten bidea errepresioarena da, Ertzaintza erabilita horretarako.
Prozesu judiziala aipatu duzu. Zelan doa?
Horrelako prozesuak oso astiro joaten dira. Gure abokatuak demanda aurkeztu zuen eta orain zain gaude epaileak kasua noiz hartuko eta noiz aztertuko. Ikusten duguna da diputazioaren intentzioa dela obrak lehenbailehen hastea eta horrela fait accompli eredua jarraitzea, behin obrak hasita badakielako askoz zailagoa dela epaile batek obrak gelditzea. Baina era berean, bizkaitarron diruarekin jolasten ari dira, izan ere, epaile batek proiektua geldiaraztea erabakiko balu, proiektua zenbat eta aurreratuago egon orduan eta garestiagoak izango dira ordaindu beharreko gastuak.
Prozesuaz aparte, baduzue inolako harremanik diputazioarekin?
Ez, diputazioak kasu guztietan erabateko opakutasunarekin jolastu du. Oso deigarria da iaz aldaketa oso sakonak egin zituela proiektuan: adibidez, leherketak sartu zituen, hasiera batean baztertu baziren ere, hezkuntza zentro baten ondoan baitago obra. Iazko udaberrian hori aldatu zuten lanak arintze aldera, baina ez zuten inolako kontsultarik egin institutuan. Diputazioa bera bakarrik ari da proiektua diseinatzen, herritarron iritzia erabat baztertuta.
Artaza-Romo institutuaz ari zara, hain zuzen. Protestak egin dituzte irakasle zein guraso taldeek. Ikastetxearen egoera zein da egun?
Institutuan kezka da nagusi. Hainbat protesta egon dira diputazioari azalpenak eskatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote hezkuntza komunitatearen defentsan inplikatu dadila, baina ikusten dutena da ez diela kasurik egiten, informaziorik ez diela pasatzen, bilerarik ere ez duela egiten eurekin; erabat lerratuta dagoela diputazioarekin. Udaberrian momentu batean Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zion ikastetxeari ikasleak mugituko zituela Lamiako eskolara (Leioa, Bizkaia), ez baitzen bideragarria izango Artaza-Romokoan (Leioa, Bizkaia) eskolak ematea; hori baztertu egin da gerora, baina ez dute inolako komunikazio ofizialik jaso, eta oraintxe bertan ez dakite irailean non hasiko duten ikasturtea.
Horrez gain, obren proiektuan agertzen zen edozein lan hasi aurretik institutuko leiho guztiak aldatu eta aire girotua ipini behar zutela gela guztietan, baina hori bakarrik erdizka egin da, eta ez dakite noiz aldatuko dizkieten gainontzekoak. Orduan, ikusten ari gara neurriok berez ez direla inondik inora nahikoak, duten zarata eta kutsadura mailarekin ezer gutxi baita leihoak aldatzea eta aire girotua jartzea –eta gainera, zer egingo lukete aire libreko ekintzekin?–; baina, gainera, ez dituzte amaitu ere egin obrak. Baina diputazioa mehatxatzen dabil obrak hastearekin institutuko hobekuntzak egin aurretik. Beraz, ikusten ari gara hezkuntza komunitatea tratu oso txarrak ari dela jasotzen, ehunka ikasle eta langileren osasunarekin ari dela jolasten; eta hori guztiz salagarria da.
Zein pauso jarraitu behar duzue orain?
Bagabiltza aztertzen zein kanpaina ipini elkartasun ekonomikoa eskatzeko, abokatuekin hitz egiten ere bagabiltza ea isunen bat epaitegietara eraman dezakegun. Erromoko (Getxo, Bizkaia) jaietan txosna bat ipiniko dugu isunei aurre egiteko ere bai.
Zuen aldarria garraio eredua aldatzea da. Zer esan nahi duzue?
Uda honetan ikusten ari gara bero bolada izugarria jasaten ari garela, klima aldaketaren ondorioak gero eta nabariagoak direla gurean. Horregatik, inoiz baino urgenteagoa da gure CO2 emisioak jaisten hastea, badakigu Euskal Herrian sektore kutsakorrena garraioa dela, eta hor auto pribatuaren erabilera intentsiboak rol oso inportantea dauka; beraz, gure ustez ezinbestekoa da garraio ereduaren aldaketa baterantz joatea, eta justu subflubialak aurkakoa egiten du, autoen erabilera sustatu. Guk eskatzen duguna da proiektua bertan behera geratu dadila eta diputazioak inbertsioak egin ditzala garraio publikoa indartzeko.