Azkenean, ikusi dut horren entzutetsua izan den La bola negra (Bola beltza), Federico García Lorcaren amaitu gabeko nobelan oinarrituta abiatu duten filma. Izugarrizko puntuazioa jaso du publikoaren aldetik, eta baditut komentatu nahi nituzkeen kontu bat edo bi.
Lehenik eta behin, argi esango dut: La bola negra film izugarria da. Alegia, film moduan, osotasunean ulertzen badugu, ikaragarria iruditu zait. Gidoia oso ona du: nahasten ditu gerra zibilaren garaiko istorio bat, gaur egungo beste bat eta Lorcaren La bola negra bera, hiruretan homosexualitatea gai nagusitzat hartuta. Sortutako istorioa oso ondo dago kontatuta, hiru egoeren artean ederki egiten ditu aldaketa eta jauziak, eta bikain lotuta daude hiru denbora lerroak. Amaiera aurreikusi badaiteke ere, asko gustatu zait nola amaitzen den filma; batez ere, La bola negra-ren bukaera imajinatuarekin.
Eszenografia paregabea du, gainera. Pixka bat hobea espero banuen ere (asko haizatu dute-eta filma), sekulako planoak dauzka, oso-oso ikusgarriak: hasierako elizakoa, kasinoaren amaierakoa eta beste hainbat. Musika ere itzela dauka; ederra eta hunkigarria. Jantziak, dekoratuak eta makillajea ere ederto eginak iruditu zaizkit. Labur esanda, arte zuzendaritza eta estetika primeran zaindua dauzka.
Hori bai, trama gehiegi zentratzen da homosexualitatean, gerra zibilaren eta diktaduraren bestelako izugarrikeriak ia alde batera utzita. Nire iritziz, zuzendariek hori egin dute istorio askoz zehatzago eta sentikorragoa idazteko, baina ez dituzte sakon aztertu “gorriak” eta frankista ez zen edozein ideologiari eta kulturari egin zitzaizkion sarraskiak; eta herri honetan zeozer badakigu horren inguruan. Hori kritikatuko nioke La bola negra-ri, baina, aldi berean, zuzendarien hautua nolabait ere errespetatu nahi nuke, arte pieza baten sorkuntza prozesua konplexu eta pertsonala izanik, homosexualitatearen errepresioa aukeratu baitute. Ez dakit oso ondo zein den nire iritzia oraindik: ideologikoki, apustu erraza egin dute, baina gehiago pentsatu behar ondorio zehatzik ateratzeko.
Gidoian esploratzen dute zer gertatuko zen Lorcak La bola negra idazten amaitu izan balu. Kontakizun asmatu bat sortu dute zuzendariek, benetan ederra, ondo idatzia eta are hobeto aurkeztua, eta ikusleen sentimenduak ukitu, barruak nahastu eta hunkitzea lortu dute.