Etorkinen aurkako istiluak izan dira Erresuma Batuan, eskuin muturreko kideek eraginda

  • Igandean Portsmouthera iritsi zen 140 etorkin inguru zeramatzan ontzia, Mantxako kanala zeharkatu ostean. Ehunka manifestarik hiriko zenbait errepide blokeatu zituzten migratzaileen lekualdatzea oztopatzeko, eta Poliziarekin istiluak izan zituzten. Egun bat lehenago kostaldeko Dover hirian ere beltzez jantzitako hamarnaka kide etorkinen ehizan aritu ziren. 


2026ko irailaren 8an - 10:43
Azken eguneraketa: 16:27
Polizia agenteak Portsmoutheko (Erresuma Batua) portutik gertu. Hannah McKay / Reuters
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Etorkinen aurkako protestek eta istiluek ez dute etenik Erresuma Batuan: ekainean bizpahiru egunez jarraian liskarrak eragin zituzten loialistek Belfasten, eskuin muturrarekin lerrokatuta, gizon batek beste bati labanaz eraso egin ziolako; orain, berriz, istiluak Portsmouthen izan dira, 140 etorkin zihoazen ontzi bat hiri horretara iritsi ondoren. Etorkinak itsasontzitik autobusetara lekualdatzea saihesteko xedearekin, ehunka manifestarik –asko beltzez jantzita goitik behera– errepideak blokeatu zituzten.

Ondorioz, manifestariek liskarrak izan zituzten lekura joandako polizia agenteekin. Hampshireko –Portsmouth kokatzen den konderria– Poliziaren esanetan, liskar horietan hainbat agente zauritu zituzten, baita haien zenbait ibilgailu kaltetu ere.

Aurreko egunean, larunbatean, antzeko ekintza arrazistak burutu zituen eskuin muturrak Dover hiriko portuan –Mantxako kanaleko handiena– eskuin muturreko hamarnaka kideek: hain zuzen, bertan zebilen edonori nongoa zen galdetzen igaro zituzten orduak, etorkinen eta atzerritarren ehizan.

Besteak beste, "stop the boats" (gelditu ontziak) gisako leloak oihukatu zituzten manifestariek Doverren eginiko protestetan, Frantziatik abiatuta eta Mantxako kanala zeharkatuta Erresuma Batura iristen diren etorkinen ontziei erreferentzia eginez. "Protesten neurria aurretik ikusia ez genuen zerbait izan da", adierazi du astelehenean Emma Reynolds Erresuma Batuko Ogasun ministroak.

Eskuin muturreko ekintzaileen papera

BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoaren arabera, Portsmoutheko istiluen bultzatzaile nagusia Daniel Thomas izan da. Hain zuzen, Thomasi bi urteko kartzela ezarri zioten 2016an, gizon bati labanaz eraso egin eta lapurtzen saiagatik. Kartzelatik irten ondoren, Stephen Christopher –ezizenez Tommy Robinson– eskuin muturreko ekintzailearekin harreman estua egin zuen, Erresuma Batuko migratzaileen aurkako mugimenduaren buruetako bat eta EDL English Defence League erakunde arrazistaren sortzailea.


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.