argia.eus
INPRIMATU
Abeslari antifaxistaren hilketaren ostean, Urrezko Egunsentia legez kanpo uztea aztertzen ari da Greziako Gobernua
  • Greziako Gobernuak Urrezko Egunsentia alderdi neonazia legez kanpo utz dezake, Nikos Dendias segurtasun ministroaren arabera. Urrezko Egunsentiako kide batek abeslari ezkertiar bat erail ondoren egin ditu adierazpenok.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 19a
Urrezko Egunsentia alderdia legez kanpo uztea aztertzen ari da Greziako Gobernua.

Ministroaren hitzetan, Greziako Gobernuak urgentziazko erabaki bat hartu behar du legeak aldatu eta Urrezko Egunsentia legez kanpo uzteko. Dioenez, erasoa alderdiaren asmo eta nahien norabide berean doa, eta ez da beraz ekintza isolatu bat. "Ezker eta eskuin muturreko taldeen arteko gatazkak ugaritu diren honetan, legeak talde kriminalak nola definitzen dituen berrikusi beharko da". Aldaketa horrek, alderdi neonazia kriminaltzat jotzea ekarriko luke, eta ondorioz, legez kanpo uztea.

Egun, Greziako Parlamentuko 300 ordezkaritik 18 ditu Urrezko Egunsentiak, eta inkestek goranzko joera aurreikusten dute.

Istiluak hilketa salatzeko manifestazioetan

Neonazi batek Pablos Fissas rap abeslaria hil izana salatzeko manifestazioak egin dituzte Grezia osoan. Pireausen eta Atenasen batik bat, istiluak izan dira polizia eta manifestarien artean,  baita neonaziekin ere.

45 urteko Urrezko Egunsentia alderdiko kide batek hil zuen ‘Killah-P’ ezizenez ezaguna den abeslaria, Pireauseko Ketsarini auzoan. Bertan, 5.000 pertsonak hartu dute parte manifestazioan, eta poliziak negar-gasa erabili du sortu diren liskarretan.

Zenbait hiritan, manifestariek Urrezko Egunsentia alderdiaren egoitzak eraso dituzte, polizia eragozten saiatu den arren.

Patraseko irudiak.