Istilu artean bukatu da Vito Quiles asaldatzaile ultraeskuindarraren ez-ekitaldia

  • Milaka pertsona atera dira kalera astelehenean Bilbon, goizean zein arratsaldean, asaldatzailearen bisitari aurre egiteko. Deustuko Unibertsitatean iragarria zuen hitzaldiaren aurreikusitako ordua baino ordu erdi lehenago jakinarazi du ez dela hirira bertaratuko. Atxilotze agindua du bere gain Quilesek; Deustuko Unibertsitateak ateak itxi ditu, “segurtasunagatik”. Ertzaintzarekin izandako istiluetan hemeretzi atxilotu izan dira; 11, adin txikikoak. 

Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

2026ko urriaren 26a - 20:03
Azken eguneraketa: 2026-10-27 10:23
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iruñean ikusitakoa errepikatzea aurreikusi zitekeen, eta agian horregatik, Bilboko Deustuko Unibertsitateak planto egin dio Vito Quiles asaldatzaile ultraeskuindarrari: arratsaldeko 19:00etan zegoen aurreikusita bere bisita, eta 14:00etatik aurrera ateak itxi ditu. Deustu auzora doazen errepide guztiak itxita egon dira arratsaldeko lehen ordutik aurrera.

Ehunka ikaslek goizean eta milaka kidek arratsaldean, Deustuko (Bilbo) kaleak hartu dituzte, faxistaren bisita eragozteko. Arratsaldeko 18:30ean jakinarazi du ez dela agertuko, istiluak gertatzeko “arrisku oso handia” dagoela jakinarazi baitio Ertzaintzak. Hain zuzen ere, protesta bertan behera geratu bezain pronto istiluak piztu dira manifestarien eta Ertzaintzaren artean.

Deustuko biribilgunean egin duten eserialdia. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Askotariko hainbat eragilek deituta, eskuin muturreko probokatzailearen aurkako mobilizazio ugari izan dira astelehenean Bilbon. Goizean ikasle frontea izan da kalean IASek deituta. Ehunka ikaslek parte hartu dute mobilizazioan. Ordurako jakinarazia zuen Deustuko Unibertsitateak ultraeskuindarrari ez diotela baimenik eman bertan ekitaldirik egiteko, eta eraikinak itxiko zituela. Jakinarazpen horren ondoren eman du lehen abisua Quilesek: “oso larritzat” jo du “Euskal Herriko unibertsitate prestigiotsuenaren” erabakia, eta ekitaldiaren leku berria komunikatuko duela azaldu du; bestela, bertan behera geratuko dela. Bigarren hori izan da, azkenean, Quilesen erabakia, adierazpen askatasuna “sakratua” dela bai, baina “gazte onen integritatea babestea” are sakratuagoa baita, bere hitzetan. Azaroaren 29aren ondoren bueltatzea hitzeman du.

Deustuko Santi Petri plazatik atera den manifestazioa. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA
Istiluak hasi diren unea. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Arratsaldeko 16:00etarako zegoen aurreikusita, hasieran, fronte zabalak deitutako manifestazioa; ordubete atzeratu dute. Deustuko Santi Petri plazatik abiatu da Euskal Herrian faxismoari ez! lelopean manifestazio jendetsua. Handik metro gutxitara batu zaizkie, manifestazioaren buruan, Mugimendu Sozialistako kideak Probokatzaile faxisten aurka, klase elkartasuna lelopean. Azken horiek heldu dira, hain zuzen ere, unibertsitate albora eta aldarrikatu dute “probokatzaile faxistei aurre egitea ezinbestekoa” dela; hain zuzen ere, “erantzun antolatuari esker”, geratu da ekitaldia bertan behera.

Jendea unibertsitate albotik urruntzen hasi bada ere, manifestazioaren gorputz gehiengoa, gainontzeko eragileek deituta, Deustuko biribilgune alboan geratu dira, eserialdia eginda. 19:00ak arte bertan geratzeko deia egin dute, edo bai, behintzat, Quilesek ekitaldia bertan behera utzi arte. Horrela izan da, eta pozez ospatu dute protestaren garaipena. Harik eta biribilgune inguruan protestak aritu diren arte. Zenbait zaborrontziri su eman diete, eta Ertzaintzaren eta suhiltzaileen esku-hartzea egon da. Istiluetatik hamabi ordutara, hemeretzi atxilotu jakinarazi ditu Bingen Zupiriak, horietatik 11, adin txikikoak. 

Zaborrontzi bat sutan, istiluen ostean. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Vito Quiles atxilotzeko agindua

Protestaren garaipen gisa ulertu dute ez gutxik Quilesek ekitaldia bertan behera utzi izana. Beste batzuek, aldiz, arrazoi legalak atzetik daudela uste dute. Izan ere, astelehenean bertan jakinarazi dute atxilotzen agindua duela asaldatzaile espainiarrak, manifestazio batean aniztasun funtzionala duen pertsona bati ustez barre egiteagatik. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat, eta “errebeldian” dagoela kontsideratu du, zenbait aldiz saiatu baitira berarekin harremanetan jartzen, baina ez dute lortu.

Agintarien kondena

Astelehen iluntzean, oraindik Ertzaintza jendea atzematen ari dela, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak istiluak "erabat gaitzetsi" ditu, istiluetan izan diren pertsonak "faxismoaren eta terrorearen benetako enbaxadoreak" direla iritzita: "Ez dira antifaxistak, benetako faxistak dira". Bizkortasun bera izan du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, protesta baketsua goraipatuta eta pertsona "erradikal eta antolatuen" ekintzak "onartezinak" direla azpimarratu du: "Agirrek eta bere baloreek, eta gure gizartearen baloreen aurka doaz". 

Ertzaintza gazte batzuk galdekatzen. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Zupiriak, atxilotuen datuak ematearekin batera, aitortu du Ertzaintzaren dispositiboak ez duela lortu istiluak geldiaraztea, eta horien errua "indarkeria erabiltzeko prest" egon den jendeari egotzi dio. 


Faxismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.