Ikusmira handia zegoen 17:00etatik aurrera Iruñeko Yamaguchi plazan. 18:00etan hastekoa zen Vito Quiles ultraeskuindar espainiar gaztearen hitzaldia, baina ordu horretan han haren 50en bat jarraitzaile besterik ez ziren. 18:45 aldera iritsi da Quiles, bizkartzainez inguratuta, hamar minutu egin ditu plazan eta alde egin du furgoneta batean.
Ordurako jada aspaldi hasiak ziren Espainiako Poliziaren eta plaza inguruetara hurbildu diren ehunka gazteen arteko liskarrak. Itxura guztien arabera, Espainiako Poliziak ez du alperrik hautatu plaza hori, gotorleku bat baita ia, sarrera guztiak nahiko ondo kontrolatzeko leku aproposa.
Quilesen deialdiari erantzunez bi bilkura egon dira Iruñeko Alde Zaharrean, bata Gazteluko plazan 17:30etan, gizarte eragile ugarik deituta, eta bestea San Frantzisko plazan, 17:00ean, GKSk deituta. Ondoren, bi lekuetatik abiatu dira Yamaguchi plazara.
Yamaguchi parkearen aldetik iritsi da manifestazio antifaxista plazara, bertara iristeko dagoen sarrera-irteera zabal bakarretik. Vito Quilesen eta faxismoaren aurkako oihuak ziren nagusi Poliziaren lerroaren aurrera iritsi direnean. Han izan dira kieto, aurrez aurre, etengabeko oihu eta noizbehinkako tiroen artean. Istilu handiagoak ordu laurden batera hasi dira eta Poliziak manifestariak parke inguruetatik sakabanatu ditu.
Parkekoa ez zen fronte bakarra eta San Alberto tanatorio aurreko biribilgunetik ere dozenaka lagun ari ziren protestan. Plazako sarreran gotortutako agenteengana harriak eta botilak erortzen ziren eta haiek gas negar eragileekin eta foam pilotekin erantzuten zuten, bai harriak jaurtitzen zituztenengana, bai inguruan ziren beste talde batzuetarantz ere. Azken hauetako talde bat zen Golem Zinemen aurrean zegoena, baina hortik ez da harririk atera.
Talde horretan zegoen lekuko batek ARGIAri jakinarazi dionez, parean, plazako sarreretako batean zegoen Polizia talde batetik foam pilota bat jaurti du polizia batek eta gizon bati buruan eman dio. Seko erori ei da lurrera, odola zeriola: “Gure aldean ez zegoen inongo istilurik, eta gero ere, anbulantziaren zain, zauritua zaintzen ari ginela, beste bi pilota bota dituzte eta inguruko jendeari eman diote”
“Nafarroa inoiz baino espainiarragoa da”
Quiles 18:45ean iritsi da plazara bizkartzainez inguratuta. “Nafarroa inoiz baino Espainolagoa da”, luzatu die laudorio artean hartu duten 50en bat jarraitzaileei. Plaza erdiko banku batera igo da eta handik egin du hitzaldi laburra. Dozenaka batzuk geunden inguruan, horietako asko informazioaren mundukoak, eta oihuak hasi arte, sarri, ez zenekien nor zen nor inguruan, gehienok, zale zein informatzaileok, sakelekoekin grabatzen ari ginen eta.
Kementsu, baina kexu izan da Quiles: “Ez gaude nahiko genukeen beste, baina badakit egoera korapilatsua dela eta zuek hemen zaudete, terrorearen aurrean. Ez gara hemendik joango Iruñea berriz libre izan arte, izan ere, Iruñea eta Nafarroa espainiarrak dira”. Azaroaren 29an Espainia erdiak Pedro Sanchez Moncloatik botako duela, "eta bereziki gazte patriotek", zehaztu du: “Pedro Sanchez, puta-semea”, erantzun diote oihuka jarraitzaileek. Hitzaldi laburra egin du, batez ere PSOE eta ezkerraren aurka gogor eginda, eta bukaeran berriz jo du zaleak animatzera: “Badakit gaur hemen egotea zaila dela, baina ez etsi". "Gora Espainia!”, erantzun diote tinko jarraitzaileek. Jaitsi da bankutik eta geldo, presarik gabe, sartu da furgonetan, une oro bizkartzainez inguratuta.
Hitzaldia eman duen tartean tiro hotsak etengabekoak ziren plaza inguruetan, karga han, karga hemen; eta Ipar Mendebaldeko haizeak bultzatuta, Poliziak manifestariak sakabanatzeko botatako gas negar eragilea behin baino gehiagotan itzuli da Yamaguchi plazara. Ke arteko egunetan bezala, begiak igurtzi ditugu kazetariok, ultraeskuindarrek, eta inguruko kuxkuxeroek. Quiles atera da furgonetan, kazetari honek alde egin du kronika idaztera, eta istiluak inguruko auzoetara zabaltzen hasi dira.